Binakako txapelketako partiduak hartuko ditu Astelena frontoiak domekan
2024/01/19
13:41
eta kitto!
Ezkurdia-Tolosa eta Altuna-Martija bikoteek neurtuko dituzte indarrak partidu nagusian, bikote bientzat garrantzi handiko neurketa izango den lehian. Aurretik Salaberria-Arbizu eta De la Fuente-Bikuña bikoteak ariko dira, nor baino nor, promozioko binakako txapelketaren norgehiagokan. Eta, amaitzeko, Egiguren-Eskuza eta Exposito-Gaskue bikoteek jokatuko dute azken partidua.
Horrez gain, Aspek binakako finalerako sarrerak zozketatuko ditu berriro etziko jaialdian. Arrakastatsua izan da gure herriko pilota enpresak hartutako erabakia eta oraingoan ere zaletuei aukera berbera eskaintzea erabaki du domekako jaialdian. Zozketa irabazten duenak Navarra Arenan martxoaren 31n jokatuko den binakako txapelketa nagusiko finala ikusteko bi sarrera eta 250 eurotan baloratutako bi lagunentzako bazkaria saria bereganatuko du. Horrela, Astelenako kantxako jarlekuak hartzen dutenek bi boleto jasoko dituzte zozketan sartzeko eta gradakoek bat. Pilotazaleen fideltasuna saritzeko abenduaren 17an hasitako ekimena Astelenakoarekin eta otsailaren 4ko Donostiako Atanoko jaialdiarekin amaituko da.