Birziklapena eta ekonomia zirkularra bultzatzen dituen ‘Latia emon!’ ekimena antolatu dute

Debegesak eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak bultzatu dute ekimena, Eibarko Udalarekin lankidetzan
Birziklapena eta ekonomia zirkularra bultzatzen dituen ‘Latia emon!’ ekimena antolatu dute
2024/04/04 14:15
eta kitto!

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Debegesak eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak, Eibarko Udalarekin lankidetzan, ‘Latia emon!’ izeneko ekimena antolatu dute. Horren bidez, parte hartzen duten erakundeek lata birziklatuetatik sortutako horma-irudiak erakusgai ipiniko dituzte Untzaga plazan egun horretan, ekainaren 5ean.

Horma-irudia sortzeko, apiriletik aurrera, Azitain udal institutuko LHko eta IHPko ikasleek egindako edukiontziak jarriko dira Eibarko zenbait gune estrategikotan.

Oraingoz, parte hartuko dutela baieztatu duten erakundeen inguruetan jarriko dira, zehazki: Eibar BHI Moguel, Eibar BHI Jardiñeta, Kalexka, Zumaitik, AGIFES, Azitain, San Andres Egoitza, Armeria Eskola Elkartea, Urkizu Eskola eta AUBIXA. Erakunde antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte beren latak utz ditzaten, birziklatu eta parte-hartzaileek horma-irudietan erabili ahal izateko.

 

Izena emateko

Horma-irudia egin nahi duten erakunde guztiek har dezakete parte, formulario honetan izena eman ondoren, eta apirilaren 11ra arte egongo da irekita.

Horma-irudia egiteko materiala eta euskarria doan banatzeaz Debegesa arduratuko da. Izen-emateak jaso ondoren, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko ikasleak erakunde bakoitzera joango dira horma-irudia sortzeko prozesua nola gauzatuko den azaltzeko: latak nola garbitu, data garrantzitsuak adostu, logistika nola egingo den azaldu, eta abar.

 

Azitaingo ikasleak sustatzaile

Ekimenaren sustatzaileak OLHUI Azitaingo ikasleak dira. Gizarte-bazterketako kolektiboen ahalduntzea sustatzeko eta iraunkortasunaren inguruan kontzientziatzeko ekintza komunitarioa eta parte-hartzailea da hau.

Erabilitako latak biltzeko prozesua da, eta, horren bidez, gizarte-erakundeek arte-lanak egiten dituzte. Erakunde horiek oinarrizko LHko ikasleen laguntza dute (27 ikasle), eta gizarte-sare osoa inplikatzen da sarean lan egiteko: enpresa handiak eta ETEak, herritarrak, hirugarren sektoreko erakundeak, ikastetxeak, erakundeak, eta abar.