Birziklapenari buruzko erakustaldi pedagogikoa egin dute LH-ko ikasleekin Urkizuko parkean

Erakustaldi pedagogikoan, gaur egun ere edukiontzi grisera botatzen diren hondakin birziklagarrien kopurua ikusi ahal izan da. Edukiontzi grisean utzi ondoren, hondakin gehienak ezin dira aprobetxatu eta Zubietako plantan errausten dira, ingurumenari kalte eginez eta dirua xahutuz.
2025/03/17 12:04
eta kitto!

Debabarrena Mankomunitateko teknikariak Urkizuko eskolako ikasleekin egon dira gaur goizean birziklapenari buruzko erakustaldi pedagogikoa egiten. Erakustaldia eskola ondoan egin dute, Urkizuko parkean. Igor Aldalur Mankomunitateko teknikariaren hitzetan, “zortxarrez oraindik ikusten dugu edukiontzi grisean, hau da, errefuxaren edukiontzian,  kartoia, beira edo ontziak agertzen direla. Edukiontzi grisean agertzen den %70 birzklagarria da eta, beraz, hortik kanpora egon beharko litzateke, beste edukiontzietan. Ohikoa da papera, kristala, plastikoa edo organikoa agertzea. Pena da, dakigunez edukiontzi grisetako hondakinak erraustegira eramaten direlako, eta horrek badauka naturan eragina, eta gure poltsikoetan ere bai”.

Lehen Hezkuntzako ikasleek gustura entzun dituzte azalpenak:  “Herriko beste ikastetxeean ere egon gara. Umeei gustatzen zaie, oso ariketa bisuala da; kontenedoreak bolkatzen ditugunean ikusten dute zaborrak ez direla ondo banatzen". Dena dela, Igorren ustez irakasleak dira gehien harritzen direnak: “Jendea asko harritzen da errefuxara nolako gauzak botatzen diren ikusten duenean. Sorpresa handiak hartzen dituzte”.