Bizikleta Egunak parte-hartze handia izan zuen bere XXI. edizioan
Eguraldi bikainak eta parte-hartze handiak lagundu zuten igandean Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako XXI. Bizikleta Egunean. Guztira, 18 zikloturistek egin zuten kostaldeko ibilbidea, eta 80 bat haurrek parte hartu zuten goizean antolatutako jardueretan.
09:30ean eman zitzaion irteera kostaldeko ibilbidea egin behar zuten txirrindulariei, Untzaga plazan taldeko argazkia atera ostean. Ordu erdi geroago, berriz, gazteentzako izen-ematea ireki zen udaletxearen arkupetan. Parte-hartzaileei dortsala eman zitzaien, eta amaieran egin zen opari zozketan parte hartzeko balio izan zien.
Haurren artean, bi ibilbide eta ginkana izan zituzten aukeran. Lehenengo ibilbidea Untzaga plazatik abiatu zen, Mekolatik bidegorrian sartu eta Amañaraino joateko. Han buelta hartu eta udaletxearen plazara itzuli ziren.
Ondoren, hiriko zirkuitua prestatu zen, Untzaga, Toribio Etxebarria, Zuloagatarren eta Kalbeton kaleak igaroz. Parte-hartzaileek bost itzuli eman zizkioten ibilbideari, eta aldi berean ginkana ere izan zuten Untzaga plazan.
Jarduerak amaituta, izena eman zuten haur guztien artean opari zozketa egin zuten. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute egunaren inguruan, eta datozen urteetan parte-hartzaile kopuruak gora egiten jarraitzea espero dute.