‘Blanco’ filmaren lantaldea Errebal plazan bildu da gaur

Miguel Ángel Blancoren inguruko filmaren grabaketak Debabarrenean egiten ari dira; gaurko saioak Ermuan egingo dituzte.
‘Blanco’ filmaren lantaldea Errebal plazan bildu da gaur
2026/11/05 12:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

‘Blanco’ filmaren grabaketak egiten ari dira egunotan Debabarrenean. Gaur, Eibarko Errebal plaza itxi dute filmaren lantaldeak grabaketetarako behar dituen baliabideak bertan kokatzeko: makillaje-guneak, arropa eta material teknikoa, besteak beste.

Errebal plazako langile batek …eta kitto!-ri jakinarazi dionez, 300 pertsona inguru elkartu dira gaur goizean bertan, tartean figurante ugari. Hala ere, gaur ez dute Eibarren grabatuko; Ermuan egingo dituzte filmaketak, egun osoan.

'Blanco' filmaz

Félix Viscarret zuzendariaren filmak Miguel Ángel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketaren ondorengo 48 orduak kontatuko ditu, 1997ko uztailean ETAk bahitu eta hil zueneko gertakariei hainbat kazetariren begiradatik helduta. Mikel Bustamante aktoreak antzeztuko du Blanco, eta Eneko Sagardoy eta Jon Ander Urresti dira aktore nagusietako beste bi.

Filma 2027ko uztailaren 9an estreinatzea aurreikusi dute, Blancoren hilketaren 30. urteurrenaren harira.