Etxebizitza eskubidearen alde, greba orokorrera

Debabarrena eta Debagoiena batera mobilizatuko dira greba egunean etxebizitza eskubidearen alde. Eskualdeko goizeko mobilizazioa Eibarren egingo dute, 12:00etan, Untzaga plazatik abiatuta. Iluntzean, berriz, herri bakoitzean egingo dituzte mobilizazioak.
Etxebizitza eskubidearen alde, greba orokorrera
2026/11/06 14:30
eta kitto!

Deialdiaren atzean dauden arrazoiak eta aldarrikapenak gertutik ezagutzeko, …eta kitto! Euskara Elkarteak eskualdeko sindikatuetako eta etxebizitza-eragileetako ordezkariekin hitz egin du. ELAko, LABeko eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkariek etxebizitzaren arazoak eskualdean duen eragina, proposatzen dituzten neurriak eta greba egunetik espero dutena azaldu dituzte.

ELA, LAB eta Etxebizitza sindikatu sozialistako ordezkariak Untzaga plazan.

ELA sindikatua - Eneritz Aristondo eta Ainhitze Etxeberria

«Etxebizitzaren krisiak ez du hiriburuetan bakarrik eragiten; Debabarrenean ere gogor jotzen du»

ELAk uste du erakunde publikoek urtetan bultzatutako politikak direla etxebizitza eskuratzeko zailtasunen atzean dauden arrazoietako bat. Sindikatuaren arabera, politika horiek «enpresa eraikitzaileei eta bankuei mesede» egin diete, eta etxebizitza negozio iturri bihurtu dute errentistentzat eta inbertsio funtsentzat. «Hamarkadetan zehar egin diren politikek porrot egin dute», adierazi dute.

ELAk nabarmendu du etxebizitza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa dela espekulazioarekin amaitzea. Horretarako, enpresei eta inbertsio funtsei etxebizitzak erostea debekatzea proposatu du, baita funts putreen esku dauden etxebizitzak desjabetzea ere, alokairu sozialera bideratzeko. Denboraldiko alokairuak eta etxebizitza turistikoak zorrotz arautzea ere eskatu du.

Beste neurri batzuen artean, banku publikoa sortzea, etxebizitzara bideratutako aurrekontu publikoa handitzea eta alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eraikitzea proposatu ditu sindikatuak. Horrez gain, EAEn dauden 40.000 etxebizitza huts mobilizatzea galdegin du, etxebizitza hutsen jabeei zerga handiagoak ezarriz.

Debabarreneko egoera

ELAk ohartarazi du etxebizitzaren krisiak eskualdean ere eragin handia duela. Eibar eta Deba tentsio handiko eremu izendatu izana jarri du horren adibidetzat. Kostaldean, gainera, etxebizitza turistikoen presentziak eta bigarren etxebizitzek alokairu arrunterako eskaintza murrizten dutela azaldu du. «Etxebizitzaren krisiak ez du hiriburuetan bakarrik eragiten; lurralde guztietan eragiten du, eta Debabarrenean ere bai», nabarmendu dute.

Ainhitze Etxeberria eta Eneritz Aristondo, ELA sindikatuko ordezkariak.

Deialdi bateratua, ikuspegi propioa

ELAk positibotzat jo du greba-deialdia sindikatuen artean adostu izana. CCOO eta UGTk, ordea, deialdi propioa egin dute. ELAk azaldu du hasieratik egin zuela greba bateratuaren aldeko apustua, nahiz eta sindikatu bakoitzak bere irakurketa eta ikuspegi propioa izan.

Sindikatuarentzat, bereziki garrantzitsua da greba Euskal Herriko esparruan kokatzea. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, aldundiek eta udalek eskumen zabalak dituzte etxebizitzaren arloan, eta orain arteko politikak errotik aldatu behar dituzte.

Greba egunetik mobilizazio handia espero du ELAk. Etxebizitza politika aldatzea eta erakunde publikoei gaiari merezi duen garrantzia emateko eskatzea ditu helburu. Grebarekin bat egiteko zalantzak dituzten langileei ingurura begiratzeko eskatu die, gertuko zenbat lagunek dituzten etxebizitza eskuratzeko edo alokairua ordaintzeko arazoak ikus ditzaten. «Greba orokorra gizartea eraldatzeko tresnarik baliotsuena da», adierazi dute.

 

LAB sindikatua - Sonia Larrañaga eta Maialen Bergara

«Etxebizitza eta soldata duinen aldeko borroka beraren bi aurpegi dira»

LABen iritziz, etxebizitza lehen mailako arazo soziala da, eta langileen pobretzean eragin zuzena du, soldata eta lan baldintzekin batera. Sindikatuaren arabera, etxebizitza duinaren aldeko borroka ezin da bereizi langileen bizi baldintzen eta soldata duinen aldeko borrokatik. «Etxebizitza eta soldata duinen aldeko aldarria borroka beraren bi aurpegi dira», azaldu du.

LABek uste du Euskal Herrian badirela etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezko eskumenak, eta erakunde publikoei eskatu die errentisten eta espekulatzaileen aldeko politikak alde batera uzteko. Sindikatuaren esanetan, greba orokorra aukera bat da etxebizitzaren aldeko borroka indartzeko, maizterren eskubideak defendatzeko eta etxebizitzaren arloko gatazkei aurre egiteko.

Sonia Larrañaga eta Maialen Bergara, LABeko ordezkariak.
Egitura aldaketak eta neurri zehatzak

LABek Nafarroako eta EAEko gobernuei etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak hartzeko eskatu die. Patronalari ere soldaten erosahalmena bermatzeko eskatu dio, eta higiezinen sektoreko espekulazioa salatu du. Besteak beste, alokairu kontratu mugagabeak, prezioak jaistea, etxegabetze guztiak geldiaraztea, funts putreen esku dauden etxebizitzak desjabetzea eta etxebizitza publikoen parkea handitzea proposatu ditu. Etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea ere galdegin du.

Debabarreneko arazoak, gertutik

LABen arabera, etxebizitzaren eta soldaten inguruko kezka nabarmena da Debabarrenean ere. Horren erakusgarri, duela bi urtetik Debaldeako Etxebizitza Asanblada dauka martxan sindikatuak, eta gero eta kasu gehiago jasotzen ari da. Besteak beste, alokairu kontratu irregularrak, errenten igoera handiak, etxegabetze mehatxuak eta migratutako pertsonen aurkako diskriminazio egoerak aipatu ditu.

Ekintza sindikala etxebizitzaren arloan

LABek duela bi urte ekin zion etxebizitzaren arloan ekintza sindikala garatzeari. Gaur egun, ehunka maizter ditu antolatuta, eta hainbat gatazkatan ari da lanean. Debaldeako asanbladaren jardunaz gain, beste herri batzuetan maizterrak antolatzeko eta haien eskubideak defendatzeko egindako lana ere nabarmendu du.

Bestalde, LABek gogorarazi du martxoaren 17ko greba orokorrean gutxieneko soldata propioa aldarrikatu zuela, 1.500 eurokoa. Azaroaren 11ko grebak etxebizitza-eskubidearen eta soldata duinen aldeko borrokak batuko dituela uste du.

Greba egun arrakastatsua eta mobilizazio jendetsuak espero ditu LABek, lantokiak hustu eta kaleak betetzeko. Zalantzak dituzten langileei gogorarazi die etxebizitzaren eta soldata duinen auziek guztiei eragiten dietela, eta horiei aurre egiteko antolakuntza eta borroka behar direla.

 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista - Eneko Carrión eta Kristiña Fidalgo

«Etxebizitza langileon beharren arabera planifikatu behar da»

Etxebizitzaren arazoa pobretze orokorraren testuinguruan kokatu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Eneko Carriónek eta Kristiña Fidalgok azaldu dutenez, oinarrizko produktuen garestitzeak, erregaien prezioaren igoerak eta lan baldintzen okertzeak herritarren bizi baldintzak okertzen dituzte, eta ondorioak nabarmendu dira, nola ez, etxebizitzaren arloan.

Sindikatuaren arabera, Euskal Herrian egunean batez beste 3,6 etxegabetze gertatzen dira. Horrez gain, salatu dute familia ugari logela bakarrean bizi direla, pertsona arrazializatuek etxebizitza bilatzean diskriminazioa pairatzen dutela eta gazteen emantzipazio adina gero eta gehiago atzeratzen ari dela. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoera ere aipatu dute: baliabide ekonomikorik ez izateak erasotzailearekin bizitzen jarraitzera behartu ditzake.

Sindikatuak salatu du egoera horren beste aldean errentismoa eta espekulazioa daudela. Emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 40.000 etxebizitza jabe handien esku daude, 100.000 etxebizitza hutsik daude eta 7.000 baino gehiago turismo erabilerara bideratuta daude. «Batzuentzat negozio iturri dena gehiengoarentzat pobretzeko eta miseriarako bidea da», azaldu dute grebaren arrazoi nagusia laburbiltzeko.

Eneko Carrión eta Kristiña Fidalgo, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkariak.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak

Etxebizitza oinarrizko eskubidea dela aldarrikatu dute, hezkuntza eta osasungintza bezala, herritarren egoera ekonomikoa edo lan egoera edozein delarik ere bermatu beharrekoa. Horretarako, hiru aldaketa nagusi proposatu dituzte: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileen beharren arabera planifikatzea. Haien ustez, etxebizitzak gutxi batzuen eskuetan pilatzeak eta negozio bihurtzeak eragozten dute eskubide hori bermatzea.

Debabarreneko errealitatea

Sindikatuaren arabera, egoera hori eskualdeko herri eta auzoetan ere agerikoa da. Azaldu dutenez, hainbat familia herriz aldatzera behartuta daude alokairu merkeagoaren bila, nahiz eta aurretik seme-alabak herriko eskoletan matrikulatu eta komunitatearen parte izan. Eibarren, neguko dispositiboa kendu zutenetik etxerik gabeko pertsonek kalean lo egin behar dutela salatu dute. Kostaldeko herrietan, berriz, udan alokairu-kontratuak eteten direla azaldu dute, etxebizitzak turismo-alokairura bideratzeko; etxebizitza turistikoen kopurua ere handitzen ari dela ohartarazi dute.

Lan-arloan ere hainbat egoera jarri dituzte adibide gisa. Enerpac multinazionalak Mallabiko lantegia ixteko asmoa azaldu duela eta 43 langile kaleratzeko arriskua dagoela aipatu dute. Yurrita e Hijos kontserba-enpresan, berriz, 12 pertsona kaleratu dituztela adierazi dute. Sindikatuaren iritziz, etxebizitzaren arazoa eta lan-baldintzen okertzea lotuta daude: batetik, etxegabetzeak eta soldata errealen jaitsiera daude; bestetik, egoera horien erantzule direla uste dutenak.

Greba, antolakuntza indartzeko tresna

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez, greba orokorrak langile klasearen interes komunen aldeko mugimendu zabal eta indartsua antolatzeko aukera eskaintzen du, matxismoaren, arrazakeriaren, faxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan. Grebaren izaera politikoa berreskuratzearen alde agertu dira, eta etxebizitzaren arazoa egiturazkoa dela nabarmendu dute. Haien esanetan, arazoa ez da alderdi politiko baten edo bestearen kudeaketarekin konponduko: sistema kapitalista errotik aldatu beharra dago.

Horrez gain, etxebizitza-sindikatuen independentzia politikoa aldarrikatu dute. Haien ustez, instituzioetan agintean dagoen alderdia edozein dela ere, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko borrokak bere horretan jarraitu behar du. Greba eguna, beraz, ez dute helburu gisa ulertzen, langileen kontzientzia politikoa zabaldu eta antolakuntza indartzeko tresna gisa baizik.