Blues Hotsak entzungo dira datorren astean Soraluzen
Hilaren 16tik 23ra, Blues Hotsak jaialdiaren zazpigarren edizioa ospatuko da Soraluzen. Izenak dioen bezala, blues musika izango da nagusi jaialdian, baina musika beltzak ere bere tokia edukiko du eta, musika emanaldiez gain, zine emanaldiak, literatura solasaldiak, ikastaroak eta kontzertu gastronomikoak egingo dira, besteak beste.
Programazioaren aniztasuna da Blues Hotsak jaialdiaren arrakastaren gakoetako bat. Aipatu bezala, musikaz harago doan jaialdia da eta domekan argi eta garbi geratuko da hori, 09:00etan, trikuharrien bisita egingo baitute, Karakaten, Dolmenen ibilbidean. Bisita egiteko, www.blueshotsak.eus helbidean izena eman beharko da.
Horren ondoren, 13:00etan, Erromintxelak taldeak jaialdiko lehen kontzertua eskainiko du Soraluzeko plazan. Taldea 2021ean sortu zuten Arrasaten, swing musikaren tradizioa eta euskarazko poesia uztartzeko asmoz. Emanaldia egin bitartean bikote bat izango da dantzan eta swingeatzera animatzen diren guztiak daude gonbidatuta.
Musikari handien txanda iritsi aurretik, astean zehar bi saio egongo dira. Hilaren 17an, Oihane Amantegi idazlearekin solasaldia egingo da ‘Ibaiertzeko ipuina’ liburuaren inguruan, 19:30ean, Herriko Antzokian. Eta 19an, arrakasta bilatzen duen jazz bateria-jole gazte baten istorioa kontatzen duen ‘Whiplash’ pelikula emango dute toki eta ordu berean.
Hilaren 21ean, 17:00etan, Herriko Antzokian, gazteentzako harmonika ikastaroa eskainiko du Joan Pau Cumellasek. Eta horren ondoren, 20:00etan, Ina Forsman finlandiarraren kontzertua egongo da toki berean. “Ina Forsman musika onak maite ohi zuen guztia da: benetakoa, gordina, bihotzarekin idatzia eta arimatik aterea”, diote antolatzaileek.

Anari eta Carmen Paris
Hilaren 22ko egitaraua oso indartsu dator. Hasteko, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, Joan Pau Cumellasek harmonika ikastaroa eskainiko du berriz, baina kasu honetan nagusientzat. Eta tartean, 12:00etan, Soraluzeko Musika Eskolako konboak bluesaren inguruan osatutako kontzertua emango du
Horien ondoren, 13:30ean, Zubi Nagusian, Mississippi Queen & The Wet Dogs taldeak joko du. “2015ean sortutako Bilboko talde gazte honek publikoa konkistatzeko osagai guztiak ditu: musika beltzaren adar asko biltzen dituen errepertorioa, emakumezko ahots aparta aurrean eta hunkitu eta arrastaka eramaten gaituen oholtza gaineko indarra.”, diote Blues Hotsak-ekoek.
17:00etan, Herriko Antzokian, Anari. Ia dena esanda dago Azkoitiko musikariaren inguruan, beraz, bertaratu eta gozatu. Aipatzekoa da musikarien artean Mariano Hurtado izango dela pianoan eta organoan.
Anariren ostean, 20:00etan, Carmen Paris izango dugu. “Aragoiko jota berritu eta folklorea eraberritu ditu maisuki nahastuz Mediterraneo, Afrika eta Amerikako erritmo eta melodiekin letra, pianoa eta konposizioa menderatuz”, diote antolatzaileek. Eta eguna amaitzeko, 22:30ean, Gaztetxean, Iker Piris & Dual Electras taldeak kontzertua eta jam session-a eskainiko du.
Musika kalean
Domekan, musika kalera irtengo da hainbat kontzerturekin. 12:00etan, Gabolats kalean, harmonika ikastaroa ematen ibiliko den Joan Pau Cumellasek eta Tofol Martinezek (gitarra) kontzertua emango dute. Estatu mailako Blues Challengeko taldearekin irabazle eta Kroaziako European 2025 jaialdian parte-hartzaile, disko ugari grabatu dituzte eta Europako jaialdi nagusietan aritu dira. 13:00etan, Santa Ana kalean, Susan Santos abeslari eta gitarra-jole ezkertiarrak gidatzen duen power hirukoteak bere musika estilo originala eskainiko du aire librean. Eta 14:00etan, Plaza Zaharrean, Maria Carbonell Blues Mood talde berriak joko du, blues, R&B eta jazz estiloak fusionatuz.
Jaialdiari amaiera emanez, Quinn Devaux izango dugu, 18:00etan, Herriko Antzokian. Chicagoko musikariak jaio zenetik jaso dituen doinuak ekarriko ditu Debabarrenera.
Herriko Antzokiko emanaldietarako sarrerak Soraluzeko gozotegian eta Interneten erosi ahal izango dira, 15 euroan.