Bost merkataritza-lokalek eman dute izena erakusleihoak apaintzeko udal-programan
Eibarko Udalak merkataritza-lokal hutsen erakusleihoak apaintzeko udal-programan izena emateko epea amaitu du, bost eskaerarekin. Parte hartuko duten lokalak Urkizu, Barrena eta Arragueta eremuetan daude, programaren lehen edizioak hartzen dituen hiru guneetan.
Ekimenaren bidez, gaur egun hutsik dauden lokalen erakusleihoetan binilo apaingarriak jarriko dituzte, lokalak ikusgarriagoak eta erakargarriagoak izan daitezen eta, horrela, haiek saltzea edo alokatzea errazteko. Era berean, jarduketaren bidez udalerriaren ekialdeko merkataritza-kaleen itxura zainduagoa eta erakargarriagoa eskaini nahi dute.
Jon Iraola Eibarko alkateak ekimenak izandako harrera ona nabarmendu du. “Lehen esperientzia bat da, eta horrelako jarduerek duten eragina neurtzeko aukera emango digu. Irudia hobetzen duen lokal huts bakoitzak kalearen itxura hobetzen laguntzen du, eta gure merkataritza-kaleak erakargarriagoak egiten ditu negozio berriak irekitzeko”, azaldu du.
Vanesa Hortas Ekonomia Garapeneko zinegotziaren esanetan, jarduketa sinplea izan arren, eragin positiboa izan dezake bai merkataritza-kaleen itxuran, bai lokal horiek saltzeko edo alokatzeko aukeretan. “Ondo zaindutako erakusleiho batek hilabeteetan itxita egon den lokal batek baino irudi erakargarriagoa ematen du”, adierazi du.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, udal-zerbitzuak bost lokalen jabeekin hitzarmenak prestatzen hasiko dira. Ondoren, biniloak diseinatu, fabrikatu eta jarriko dituzte. Jarduketaren kostua Eibarko Udalak osorik hartuko du bere gain.