Breaking Eibar dantza urbanoen txapelketaren hamargarren edizioa jokatuko da zapatuan Untzagan
Gaur goizean Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak egin duten aurkezpenean aurreratu dutenez, aurten lehen aldiz Untzagan (harmailen aldean) egingo da Breaking Eibar dantza txapelketa, eta bertan adin eta maila guztietako dantzariak bilduko dira, lehiaketa, zuzeneko musika eta ikuskizuna uztartuko dituen ekitaldian. Jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Breaking Kidz 1vs1 Under 16 modalitatearekin, “non gaztetxoenek beren talentua erakutsiko duten, 14:00ak arte”. 16:00etatik aurrera, sailkapenerako probak hasiko dira, 2vs2 modalitatean. Epaimahaia, berriz, estatuko zein nazioarteko profesional ospetsuek osatuko dute, eta epaimahaikideek exekuzio teknikoa, originaltasuna, eszenaratzea eta errespetua baloratuko dituzte, besteak beste.
Ekitaldiaren irekiera ofiziala 17:30ean izango da, The Funky Brother taldearen kontzertuarekin: “Talde donostiarrak funkaren klasikoak interpretatuko ditu, hala nola James Brownen ‘Sex Machine’ ikonikoa”. Jarraian, 18:00etan, Pentagon Battle Live Drums ikuskizuna hasiko da. Azaldu dutenez, “erronka berezi horretan, dantzariek konoek mugatzen duten pentagono baten barruan mugitu behar dute, haiek bota gabe, zuzeneko musikaren erritmora dantza egiten duten bitartean”.
Ondoren, 18:30ean, 2vs2ko final-zortzirenetako kanporaketak hasiko dira. Sailkatze fasea gainditu duten bikoteak final laurdenetarako lehiatuko dira bertan. Ondoren, 19:30ean, 7 to Smoke Lucky Roulette modalitatea jokatuko da: “20 minutuko lehiaketa bizi honetan zortzi dantzari lehiatuko dira zazpi garaipen lortu eta titulua eskuratzeko”. Geroago, 20:00etan, 2vs2ko final laurdenen txanda izango da eta, ondoren, finalerdiak hasiko dira 20:30ean. Bertan dantzari bakoitzak bi aukera izango ditu jendearen aurrean luzitzeko. Eta final handia 21:00etatik aurrera jokatuko da. Dantzariek hiru aukera izango dituzte beraien artea, sormena eta energia erakusteko.
Alkateak ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Breaking Eibar ekimenaren hamar edizio ospatzea harro egoteko modukoa da. Ekitaldi honek erakusten du kultura urbanoak ere funtsezko lekua duela gure bizitza sozial eta artistikoan”.
Bestalde, Andoni Zabala Kulturako zinegotziak ekimenaren balio hezitzailea azpimarratu du: “Breaking Eibar ez da ikuskizun soila, inklusiorako, ikaskuntzarako eta hainbat balio sustatzeko tresna ere bada. Eibarrek arte-adierazpen guztiek lekua izango duten kultura-erreferente izaten jarraitzea nahi dugu”.