Byhurcrystal eta Enigmedia enpresek jaso dute Toribio Etxebarria Saria
Gaur (eguaztena, hilak 8) banatu dituzte 23. Toribio Etxebarria Sariak Coliseo antzokiak hartu duen ekitaldian. Edizio honetara aurkeztutako hautagaitzak 38 izan dira guztira, 27 Enpresa Ideiak/Proiektuak atalean eta beste hamaikak Enpresa Berriak atalean lehiatzeko eta epaimahaiak erabakitakoari jarraituta, gaur saria jaso dutenak hauek izan dira: Enpresa Berriak atalean, Donostiako Enigmedia, informazio teknologia, elektronika eta ikus-entzunezkoen ikerketa eta garapenerako enpresak eraman du saria; sari teknologikoa, berriz, Eibarko ATTEN2 sektore eolikorako on-line sentsoreen garapen eta merkaturatzerako enpresarentzat izan da. Enpresa Asmoen ataleko saria Donostiko Bihurcrystal ikerketarako eta azalera zientzietarako kristal kurbatuen diseinu, fabrikazio eta salmentaren inguruko proiektuak eskuratu du; atal bereko sari teknologikoa Natural Grip-ek eraman du, kortxo partikulaz osaturiko produktu ez labankor eta itsaskorraren inguruko proiektuari esker.
Aurtengo edizioko berritasunen aipagarriena sariei 2012ko Ekimen Enpresarial Eibartar nabarmenari aitorpena delakoa gehitu diotela izan da eta lehenengoz egin den errekonozimendua JAZ-Zubiaurre enpresarentzat izatea erabaki dute, "Zubiaurre familiak ekintzailetza eta berrikuntzaren inguruan egindako ahalegin irmoa saritzeko. 1924. urtean sortutako enpresak berrikuntza eta I+G-ren alde egiten duen apustua nabaria da, merkatuan duen lidergoari begiratu baino ez da behar". Enpresa eibartarrak aurretik ere jaso du saria Toribio Etxebarria Sarietan 2003an enpresen atalean irabazlea bera izan zen-eta.