Casino Artista Eibarres-ek etxean jokatuko du hiru bandako Bigarren Mailako hurrengo jardunaldia
Lehen bi jardunaldietan Santanderren eta Pontevedraren aurka galdu ondoren, hiru bandako billarreko Bigarren Mailan jokatzen duen Casino Artista Eibarres-ek Alcobendasi irabazi zion azken jardunaldian. Garaipen horri jarraipena eman nahi diote eibartarrek zapatu honetan, azaroaren 15ean, baina arerio gogorra izango dute aurrean: Covadonga talde asturiarra, sailkapeneko liderra.
Casinokoen aldetik Javi Gonzalez, Sergio Boullosa, Luismi Perez eta Ricardo Ereña arituko dira eta jardunaldia ikusteko sarrera librea izango da, aforoa bete arte.
Covadonga zein Casino Artista Eibarres Bigarren Mailako C multzoan daude kokatuta Club Txapela, Magerit, Alcobendas eta Regatas taldeekin batera, “den-denak ibilbide luzeko taldeak”, Casinokoen berbetan. Gauzak horrela, eibartarren helburua ikastea eta esperientzia hartzea da, taldeen maila “oso altua” delako.
Hortaz aparte, Casinoko billarista batzuk Bilbon egin zen Euskadiko Txapelketan egon ziren joan den asteburuan. Esan digutenez, oso parte-hartze ona izan zuten.