Billarreko artista eibartarrak
112 urteko ibilbidea du Casino Artista Eibarresek eta bizi-bizirik dirau oraindik. Egunero biltzen da jendea bere bi egoitzetan, Ibarkurutzen eta Eibarko Bizikleta Plazan, eta bazkideez gain, herritar oro jasotzen dituzte. Tradizio handiko kluba izanik, herrian errotuta egon diren eta dauden ekintzak hartzen ditu, eta jendeak kartetan, xakean eta billarrean egiten du, besteak beste. Azken jarduera horrek bultzada handia izan du azken urteotan eta, bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu Casino Artista Eibarreseko Billar Kluba.
Casino Artista Eibarresek Bizikleta Plazan duen egoitzan sartzean taberna eta jatetxea aurkitzen ditugu, baina gune berezi bat dago pasilloa zeharkatuz gero. Oihal urdindun bi billar-mahai daude bertan, Casino Artista Eibarreseko Billar Klubaren joko-eremuan. Ricardo Robles, Rikar Ereña eta Jon Alberdi (elkarteko eta billar klubeko presidentea) aurkitu ditugu han eta billar munduaz jardun dugu eurekin.
Hasteko, atentzioa ematen du zeinen zaindua dagoen bertako materiala. Adibidez, billar-mahaia 34º ingurutan girotuta edukitzen dute berogailu baten bitartez eta mahaia estaltzen duen oihala urtero aldatzen dute. “Bestela, malgutzen doa eta tentsio falta hori asko igartzen da”, diosku Alberdik. Bolak ere hainbatetan aldatzen dituzte, kolpeekin euren ezaugarriak aldatzen doazelako. “Lehiaketetan material guztia izaten da berria”, zehazten du presidenteak.
Hain zuzen ere, azken asteotan aktibitate handia izan da Casinon, klubak antolatzen duen 3. San Juan Billar Txapelketa jokatzen dihardutelako. 30 lagunek hartzen dute parte eta 15 jokalariko bi taldetan banatu dira. Talde bakoitzean elkarren aurka jokatu ondoren, elkarrizketa egin zen unean finalaurrekoak jokatuko dituzten hiru billar-jokalari definituta zeuden, eta falta zen tokia Robles eta Alberdiren artean erabaki behar zen. Ereña, bere aldetik, finalaurrekoetarako sailkatuta zegoen ordurako.
Finala ekainaren 16an jokatuko da, domekan. “17:00etan finalaurrekoak jokatuko dira eta 19:00etan finala”, azaldu digu Alberdik. Gainera, Casinoko ateak irekita egongo dira finala zuzenean ikusi nahi dutenentzat. “Aforoak lagatzen digun neurrian”, zehazten du presidenteak. Hori bai, errespetua eta isiltasuna ezinbestekoak izango dira, billarrean jokatzeko kontzentrazioa nahitaezkoa delako.
Modalitate ezberdinak
San Juan Txapelketa hiru bandatara jokatzen dute. Helburua karanbolak egitea da; eta, karanbolatzat hartuko da jokalariak beste bi bolak tirada berean jotzen dituenean. Baina, balekoak izan daitezen, jokalariak gutxienez hiru banda ukitu behar ditu, desberdinak izan daitezkeenak edo errepikatu daitezkeenak, bigarren bola jo aurretik.
Urtean zehar antolatzen duten beste txapelketan, ostera, billar librean jokatzen dute. Hau da, jaurtitzen duenak, bolak jotzeaz gain, ez du zertan hiru izkina jo. Normalean, Casinok Ibarkurutzen duen egoitzan billar librea jokatzen da gehiago, giro erlaxatuagoan jokatu daitekeelako. Izan ere, Alberdiren berbetan, “han billar-mahaia tabernan bertan dago, ez dago aparte, eta zailagoa da isiltasuna egotea”.
Modalitate bata edo bestea izan, billarrean jokatzeko orduan gauza asko lantzen dira. “Arazoak konpontzeko gaitasuna eta frustrazioaren tolerantzia, matematikak (geometria, adibidez), fisika... Gainera, giro osasuntsuan jokatzen dugu. Beraz, gazteentzat aproposa izan daiteke billarrean hastea”, diosku Roblesek.
Herriko billar tradizioa
Billarrak aspalditik izan du afizioa Eibarren, eta Casinon partida ugari jokatu dira. “Lehen, Alzaga eta Untzaga joko-aretoetan asko jolasten zen”, gogoratzen du Alberdik. Maila handiko jokalariak izan ditugu herrian eta, billar-jokalariei aukera gehiago eman asmoz, Casinok Billar Kluba sortu zuen orain dela sei urte. “Casinoko zuzendaritzan aldaketa egon zen eta billarreko lagun batzuk sartu ginen. Orduan, Billar Kluba sortzea erabaki genuen”, azaldu digu presidenteak. “Billarrean egin duen jende asko dago Eibarren. Batzuek, umeak eduki ondoren, jokatzeari laga zioten, baina umeak hazi direnean berriz itzuli dira batzuk”.
Casinok 360 bazkide ditu eta 50 lagun inguru daude Billar Klubean. “Kopurua hazi egin da poliki-poliki, eta beste billar-mahai bat erosi behar izan dugu”, diosku Alberdik. Beraz, ez dakite kopuru hori askoz ere gehiago hazi daitekeen. Gainera, Gipuzkoan antzeko klubik ez dagoenez, Donostia, Arrasate, Bergara, Azpeitia eta beste hainbat tokitako jendea etortzen da Eibarrera billarrean egitera, baita Bizkaitik ere. “Gure asmoa maila nazionalean jokatuko duen taldea ateratzea da”, aitortu digu presidenteak.
Adinari dagokionez, bazkide gazteenak 27 urte inguru ditu eta zaharrenak 83, baina egia da orokorrean jende helduak jokatzen duela billarrean. “Horrek erakusten du edozein adinekin egin daitekeela billarrean”, Roblesen berbetan.
Klubeko kide gehienak gizonezkoak dira, baina poliki-poliki gero eta emakume gehiago ari dira apuntatzen. “4-5 emakume etorri ohi dira. Pena da, gehiago izatea gustatuko litzaigukeelako”, aitortzen du hirukoteak. Nahi izanez gero, behintzat, mahai urdinak prest daude billarreko artista guztientzat.