Climathon Eibar ekimenaren 6. edizioa aurkeztu dute

Climathon Eibar ekimenaren 6. edizioa aurkeztu dute
2023/10/05 14:11
eta kitto!
Urriaren 27tik 29ara Climathon Eibar 2023 ekimena jasoko du Eibarko Ingeniaritza Eskolak. Bertan, ikasleek, enpresek eta adituek energia-krisiari eta klima-aldaketari aurre egiteko irtenbideak eta alternatibak proposatuko dituzte, bertan planteatzen zaien erronei aurre eginez. Horrela, ekimenaren bitartez, gazteen talentu berritzailea eta enpresa publiko eta pribatuena batu nahi dira, jasangarritasunari lagunduko dioten proiektuak abian jartzeko.

Climathon Eibarren 6. edizioa izango da aurtengoa eta, Alfredo Bezos ekimenaren sustatzaileak adierazi duenez, “estatuko zaharrena da Eibarkoa”. Urte hauetan zehar 300 lagunek hartu dute parte herrian egin den ekimenean (30.000 lagunek hartu dute parte mundu guztian) eta, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuak azaldu duenez, “eurak izango dira gure ekonomia aldatuko dutenak”.

Aurtengo goiburua zera da: “Krisi klimatikoari aurre egiteko aktibista bila gabiltza”. Bere iritziz, aktibismoa zenbait zentzutan egin daiteke: administrazio publikotik, akademiatik, enpresetatik eta gizartetik. Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “aukera ona da klima aldaketaren inguruan diferentzia ezartzeko”.

 

Zortzi erronka

Horretarako parte-hartzaileek zortzi erronkari egin beharko diete aurre ekimenak irauten duen hiru egunetan. Erronketatik lauk trantsizio energetikoarekin dute lotura eta beste laurek ekonomia zirkularrarekin. EHU, Goiener, ELOM, Debegesa, Sutargi eta Hettich dira erronkak proposatu dituztenak.

Bezosek adierazi duenez, erronka proposatzen dutenek erronka hauek garatzeko konpromisoa hartzen dute eta, Vanessa Hortas Eibarko Udaleko Langileria eta Antolaketa eta Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza arloetako zinegotziak adierazi du ekimen horren bitartez herriko sektore estrategiko berriak trakzionatu daitezkeela eta hortik ekintzailetza proiektuak atera daitezkeela. “Udalak horretan lagunduko du”, berretsi du Iraolak.