Coliseo antzokiak 52.000 lagun baino gehiago bildu zituen iaz

Zinema, antzerki eta musika alorreko 283 jarduera egin ziren guztira
Coliseo antzokiak 52.000 lagun baino gehiago bildu zituen iaz
2025/01/17 10:11
eta kitto!

Coliseo antzokiak iaz antolatu zituen 283 jarduera kulturaletan 52.183 lagun bertaratu ziren. Andoni Zabala Kultura zinegotziak programazio zabal eta eskuragarri bat mantentzeko egindako ahalegina azpimarratzen du: “Coliseok herrirako oso espazio kultural garrantzitsua izaten jarraitzen du. Aurten lortu dugu bai zinemak, bai musikak, bai herriko jarduerek ordezkaritza orekatua izatea; horrek islatzen du Udalak kulturarekin duen konpromisoa”.

Zineari dagokionez, 136 pelikula eman zituzten antzokiko hiru aretoetan, 144 egunetan, eta 17.910 ikusle ekarri zituzten. Del Revés 2 (Inside Out 2) eta La infiltrada izan dira pelikula arrakastatsuenak. Gainera, 22 dokumental eta film labur proiektatu ziren Tinko, Irudi Biziak, Cimasub edo Mendia jardunaldietan eta Asier Errasti / Javier Agirresarobe laburmetraien jaialdian.

Zuzeneko jarduerei dagokienez, udalerriko dantza eta antzerki-eskolek zein kultur taldeek antolatutako 113 antzezpen, kontzertu eta emanaldi egin ziren, eta 21.661 pertsona bildu ziren guztira. Antolatutako 47 antzerki- eta dantza-emanaldietan, besteak beste, Rafael Álvarez ‘El Brujo’, Lolita Flores eta Golden Apple Quartet egon ziren. Antolatutako 26 musika kontzertuetan Rodrigo Cuevas, Tía Carrol eta Judash Argarateren emanaldiak egin ziren, Cielito Musika Bandak eta Usartza Txistulari Bandak eskainitakoez gain.

Herriko elkarteek (Eibarko Klub Deportiboa, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Ballet Eibarrés…) antolatutako 28 ekitaldietara 9.442 pertsona joan ziren. Gainera, hainbat kultur taldek bertan entseatu zuten, hala nola, Hika Teatroak, Shinovak eta Biraka Dantzak.

563 pertsonak jaso zituzten deskontuak Coliseoaren Laguna txartelaren bidez, zeinak aukera ematen duen antzerkirako eta zinemarako sarrera merkeagoak eskuratzeko.