Coliseo antzokian 120 plaka fotovoltaiko jarri dira
Era berean, Coliseoan instalatutako plaka berriek eraikinaren energia-kontsumo osoa hornitzea ahalbidetuko badute ere, Eibarko Udala lanean ari da sisteman zenbait aldaketa eta hobekuntza egiteko, plaka horien potentzia 75 kilowatteraino handitu ahal izateko, inguruko beste eraikin eta instalazio batzuk hornitzeko energia gehiago lortze aldera.
Jarduera honen bidez, Udalak urrats berri bat eman du Eibarko 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (KEJEP) jasotako konpromisoetan. Plan hori aurten onartu da, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko aukera emango duten hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen ditu.
KEJEPen bildutako ildoek energia aurreztea eta efizientzia energetikoa bultzatzea eta tokiko energia berriztagarria sortzea sustatzea jasotzen dute, hala nola, udal-eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzea, mugikortasun iraunkorra sustatzeko beste neurri batzuk hartzea, hondakinak sortzea minimizatzea eta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena areagotzea, edo ingurune naturala babestea eta ekosistemen zerbitzuak indartzea.
Komunitate energetikoa
Udal-egitasmo horiei dagokienez, Eibarko Udalbatzak duela gutxi onartu zuen Udala bazkide sustatzaile gisa integratzea Eibarko Tokiko Energia Komunitatea (TEK Eibar) elkartean. Erabakiaren arabera, udal-titulartasuneko hiru eraikinetako estalkiak erabiltzea lagako zaio elkarteari, estalki horietan energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jartzeko. Zehazki, Portaleko Kultur Etxeko, Arrateko Andra Mari ikastetxeko (Urki) eta Amañako eskoletako eraikinen estalkiak lagatzea aurreikusten da. Hau izan da komunitate energetikoak sortzeko proiektuan aurrera egiteko lehen urratsa. TEK Eibarren komunitatearen helburua da pertsonek, saltoki txikiek eta ETEek sektore energetikoan parte hartzea sustatzea, energia berriztagarria sortzeko eta kudeatzeko proiektuen garapenaren inguruan bilduz.
Horrela, Energia Komunitate berri horretan 205 etxek eta ETEk parte hartzea aurreikusten da; parte-hartzaile horiek Udalak TEK Eibarri laga dizkion hiru eraikinen estalkietako eguzki-plaken energiaz baliatu ahal izango dira , bai eta, ondorioz, argiaren fakturaren murrizketaz ere.