Cristina Chiquinek Guatemalako emakumeen aurkako indarkeriari buruzko hitzaldia emango du gaur
Egun hauetan gurean izan dugu Cristina Chiquin fotokazetarei guatemalarra eta, apirilaren 25ean argazki-tailerra eskaini ondoren, gaur bere herrialdeko emakumeek jasaten duten indarkeriari buruz jardungo du Andretxean, 18:30ean. Horretarako, ‘La busqueda’ izango du ardatz, urte hauetan egindako argazkiekin Lagun Artean erakundearekin elkarlanean osatu duen liburua.
Orain dela aste batzuk egin genion elkarrizketan aipatu bezala, ‘La busqueda’ liburuan hamar urteko lana islatzen da. “Justizia-prozesuak, feminizidioak eta beste hainbat gai dokumentatu ditut bertan argazkien bitartez. 2019an argitaratu nuen lehen edizioa eta 2022an bigarrena. Lehengo edizioan, Guatemalako genozidioaren inguruko justizia-prozesuetan ibili den Sara Alvarezek, akademiko maiek eta idazle guatemalarrek idatzi zuten. Bigarrenean, ostera, biktimen familiarrek hartu dute hitza. Argazkien bitartez lekukotasuna ematen dut, baina eurak dira protagonistak. Justizia lortzeko borrokatu dute, eta batzuek lortu dute eta beste batzuek ez. Liburuan gerra eta post-gerra azaltzen dira. Hau da, memoria ariketa egiten da eta, era berean, gaur egun bizi dugun biolentzia azaltzen da”, adierazi zigun fotokazetariak.