“Bake Ituna 1996an sinatu zen eta oraindik ere estatu-biolentzia asko jasaten duen herrialdea izaten jarraitzen dugu”
Guatemalako emakumeek jasaten duten indarkeria salatzen du bere lanetan, besteak beste, Cristina Chiquin fotokazetariak. Erdialdeko Amerikako herrialde horretako emakume fotokazetari bakarrenetakoa da eta bere lanak, zeresana emateaz gain, inspiraziorako balio die bertako emakumeei. Orain, Lagun Artean GKE-ren eskutik, gurean izango dugu aste batzuen buruan.
Cristina Chiquin Euskal Herrian izango da apirilaren 24tik maiatzaren 10ean. Horrela, bere bisita aprobetxatuz, apirilaren 25ean, 18:00etan, Andretxean, ‘Bilaketa. Justizia soziala’ izenburua duen sormen tailerra eskainiko du Lagun Arteanek antolatzen duen Ikasgune Feministan; eta maiatzaren 5ean, 18:30ean, Andretxean baita ere, hitzaldi-solasaldia eskainiko du ‘Emakumeen aurkako indarkerien continnum-a Guatemalan, barne gatazka armatutik gaur arte’ izenburuarekin, non ‘La busqueda’ izeneko bere liburua izango duen ardatz.
Zertan arituko zara Euskal Herrira egingo duzun bidaia honetan?
Batetik, nire argazkilaritza lana biltzen duen liburua aurkeztuko dut, ‘La busqueda’ izenekoa; eta bestetik, Guatemalan bizi den egoerari buruzko hitzaldiak eskainiko ditut, fotokazetaritzaren ikuspegitik. Horrez gain, argazkilaritza-tailerra ere eskainiko dut.
Nolako liburua da ‘La busqueda’?
Hamar urtetako lana islatzen da bertan. Justizia-prozesuak, feminizidioak eta beste hainbat gai dokumentatu ditut bertan argazkien bitartez. 2019an argitaratu nuen lehen edizioa eta 2022an bigarrena. Lehengo edizioan, Guatemalako genozidioaren inguruko justizia-prozesuetan ibili den Sara Alvarezek, akademiko maiek eta idazle guatemalarrek idatzi zuten. Bigarrenean, ostera, biktimen familiarrek hartu dute hitza. Argazkien bitartez lekukotasuna ematen dut, baina eurak dira protagonistak. Justizia lortzeko borrokatu dute, eta batzuek lortu dute eta beste batzuek ez. Liburuan gerra eta post-gerra azaltzen dira. Hau da, memoria ariketa egiten da eta, era berean, gaur egun bizi dugun biolentzia azaltzen da.
Fotokazetari bezala nolako lana egiten duzu?
Guatemalako emakumeek egiten diharduten justizia-prozesuak dokumentatzen ditut, batez ere: Memoriarekin zerikusia duten kasuak, gerra, gaur egungo biolentzia, emakumeen eskubideak…
Hain zuzen ere, ‘Nuestra memoria, nuestra verdad’ izeneko bloga sortu zenuen aspaldi. Gai horiek lantzen dituzu bertan, ezta?
Bloga ez dago oso eguneratuta, baina bertan aurkitu daitezke genozidioaren epaiketekin, gerran gertatutako sexu-erasoekin eta desagerketekin zerikusia duten kasuak, besteak beste. Dena dela, nire Instagrameko kontuan lan gehiago aurkitu ditzakezue.
Nolako lana izan da zuretzat dokumentazio hori guztia jasotzea?
30 urte inguruko gatazka armatuaren ondoren bake-ituna sinatu eta gero, bizirik irten ziren biktimek justizia-prozesuak aurrera eraman zituzten. Kasu publikoak dira, baina dokumentatzeko oso zailak, bai segurtasun aldetik bai sortzen dizun zirraragatik. Fotokazetari bezala egiten dugu lan, baina horrelako kasuek barrenean eragiten gaituzte, gure herrialdeak bizi izan duen errealitatea delako. Militarrek eta gerra finantzatu zutenek botere-espazioak izaten jarraitzen dute Guatemalan, tamalez. Beraz, batzuetan zaila da lanak aurrera eramatea mehatxatu egiten zaituztelako, zure lanaren ospea zikintzen dutelako edo justizia-prozesuen sona belzten dutelako. Adibidez, genozidioaren epaiketen harira, herrialdean borroka mediatiko orokorra egon zen genozidiorik egon ez zela esanez, beste batzuek bai egon zela esaten zuten bitartean. Nire kasuan, fotokazetari bezala, ezin dut errealitate hori ukatu, biktimak hor daudelako eta gertatutakoa kontatzen duten bizirauleak daudelako. Beraz, beti da zaila lan egitea, baina garrantzitsua da lan hori egitea.
Zaila zein zentzutan, zehazki?
Nire kasuan, adibidez, maila pertsonalean. Esan izan didate mina dela nire marka. Hau da, galdetu didate ea zergatik dokumentatzen ditudan horrelako gauzak bakarrik, mingarriak badira. Gogorra da ikerketetan hain murgilduta ez dauden lagunek hori esatea. Izan ere, ni neu, argazkilari bezala, gertatzen ari denaren lekukoa besterik ez naiz eta nire lanaren bitartez justiziaren alde egiten dutenei lagundu besterik ez diet egiten. Herrialde honetan oso beharrezkoa da borroka hori, iraganean gertatutako eta gaur egun oraindik gertatzen diren ekintza biolentoak berriro ez errepikatzeko, batez ere emakumeen artean eta indigenen komunitateetan. Lan zaila den arren, atsegina da aldi berean.
Atsegina zergatik?
Emakumeen indarraren eta indar komunitarioaren lekuko izateko aukera ematen dizulako. Eredugarria da. Izan ere, biktimak ez dira biktima bakarrik; paradigmak aldatzeko eta belaunaldi berrientzat justizia-prozesuak zehazteko borrokan diharduten protagonistak dira. Prozesu horiei esker, gaur egun emakume askok sexu-indarkeriak salatu ditzakete, adibidez. Hala ere, oraindik ere justizia oso zaila da herrialde honetan; lehen esan bezala, botere ustelek, genozidek eta Giza Eskubide urratzaileek espazioak izaten jarraitzen dituztelako botere-espazioetan.
Zuk zeuk mehatxuak jaso dituzu zure lana egiteagatik?
Ez dakit mehatxu zuzenik jaso dudan, baina emakume guatemalarra izanik beti sentitzen nahiz mehatxatuta, egunero kalera irteten den edozein emakume guatemalar bezala, ez baitakigu gauean etxera itzuliko garen. Batzuetan zenbait gauza gertatu izan dira, baina zure lanean buru-belarri zaudenean ez zara gauzetaz ohartzen. Nik jasotako dokumentuak oso gogorrak dira, herrialdean bizi izan diren gertakizun gogorrak dira, baina kazetarioi gertatzen zaigu horrelako kasuetan murgiltzen garenean ez dugula pentsatzen guri ezer gertatu ahal zaigunik. Egia da zerbait gertatzen zaigula, baina agian ez zuzenean. Herrialde batek jasaten duen genozidioak guztioi eragiten digu, nik egunero eta uneoro bizi dut biolentzia (kalera irtetean, taxian edo garraio publikoan igotzerakoan…), mundu guztiak bizi duen bezala, baina biolentzia hori hainbeste normalizatu dugu, ez dugula kuestionatzen.
Lagun Artean GKE-ren bitartez Guatemalan gertatutakoa eta gertatzen ari dena ezagutzeko aukera izan dugu. Besteak beste, zuk aipatutako mugimenduak, borrokak eta abar. Zuk zeuk nola bizi dituzu borroka horiek?
Gertatu denaren eta gertatzen ari denaren aurrean, erreakzio bat dago etengabe. Justizia-prozesuak ez dira oraindik amaitu. 2013an genozidioaren inguruko epaiketa egon zen eta gehiago etorri dira ondoren. Justizia-prozesu asko dago martxan (desagertekin, sarraskiekin… zerikusia dutenak), eta indigenen komunitateek edo bestelako herritarrek prozesu berri gehiago abiatzen dihardute gaur egungo biolentziaren ondorioz. Izan ere, emakumeen aurkako biolentzia eta sexu-indarkeria ez dira Bake Itunaren ondorioz desagertu. Ituna 1996an sinatu zen eta oraindik ere estatu-biolentzia asko jasaten duen herrialdea izaten jarraitzen dugu, batez ere indigenen komunitateetan. Arrazismo asko dago oraindik. Era berean, mundu guztian gertatzen den bezala, matxismo asko dago. Eta bestalde, sistema kolonialari eusten zaio, komunitateei ondare naturalen jabetza kentzen zaielarik. Beraz, bakea sinatu zen, baina herrialdean borroka-prozesuek aurrera jarraitu dute lurralderik ez galtzeko. Izan ere, gerra horregatik gertatu zen, komunitateak ondare naturalak zeuden lekuetatik botatzeko. Orduan, herriek euren lurraldeak eta Giza Eskubideak defendatzeko borrokan jarraituko dute eta, kontrara, baita errepresioak ere. Gerra sasoian jendea desagertzen zuten (baita gaur egun ere), eta orain jendea kriminalizatzen dute herrialdea uztera behartzeraino, kazetariak atxilotzen dituzte (adibidez, ‘El Periodico’ egunkariko zuzendaria), eta abar.
Orain dela hilabete batzuk gobernu aldaketa egon zen herrialdean. Benetako aldaketa ekarriko du?
1954. urtean hasi zen demokrazia sasoiaz geroztik, lehen aldia da hauteskunde batzuetan jendeak zerbait ezberdina aukeratzen duena. Ez dakigu zer gertatuko den, Bernardo Arevalok urtarrilean hartu zuelako kargua, baina printzipioz bai da aldaketa bat herrialdearen demokrazia aukeratzerako orduan, hau da, botoa emateko asmoan behintzat. Izan ere, orain arte eskuineko hautagaien, narko-eskuindarren, oligarken, militarren edo politikari ustelen alde egin du jendeak, azken legegintzaldian bezala. Orain ez daude karguan, baina justizia kooptatuta dute. Orain presidente berria dugu, baina estatu kolpea jasateko beldurrez dago. Baliteke ez erailtzea edo desagertzea, baina justiziaren bitartez bilatu dezakete kargutik kentzea. Ni neu orain herrialdetik irten behar naiz eta beldur nago aireportuan geldituko nauten edozein aitzakia erabilita. Egoera horiek, tamalez, oraindik ere gertatzen dira, baina era berean, justiziaren aldeko borrokak ere jarraitzen du eta horren eredu dira memoria prozesu guztiak. Batzuek esaten dute ea zergatik dagoen martxan genozidioaren aurkako beste epaiketa bat. Ba hain zuzen ere, aldaketak egoteko oso beharrezkoak dira justizia-prozesuak, erreparazioa egotea eta egia ezagutzea. Izan ere, jende askok, gazteek batez ere, ez dute gerra edo genozidioa egon denik ezagutzen. Beraz, komunitateek eta herriek egiten duten lana berebizikoa da.
Gobernu berriarekin, historian bigarren aldiz emakume bat dago presidenteorde bezala Guatemalan, Karin Herrera. Egoera aldatzen doan seinale?
Orain dela gutxi, kargua hartu baino lehen, Karin Herrera elkarrizketatu nuen. Bere izendapenak aurrekaria ezartzen du. Orain dela urte batzuk Roxana Baldetti kargu berean egon zen, baina botere-sektoreetako pertsona zen. Herrera, ostera, akademiatik eta ikasle-mugimenduetatik dator. Profil ezberdinetako emakumeak dira. Bere unibertsitateko ikasle-mugimenduak herriaren borrokak jarraitu ditu eta horren ezagutza du. Beraz, garrantzitsua da berak egingo duen lana. Gobernuaren lehen hilabeteetan Arevalok bidaia asko egin dituenez, presidente lanak egin ditu herrialdean eta adi dagoela, lana sortzen ari dela eta presente dagoela erakutsi du. Era berean, emakume gazteentzat (eta ez hain gazteentzat) eredugarria da, botere-guneetara beste modu batean iritsi daitekeela erakutsi duelako, aurretik egon direnekin alderatuz gero politika egiteko beste modu bat duelako (garbia, ez ustela…), eta abar. Batzuek diote oso Gobernu berria ahula dela eta politikari bigunak direla, ez dutelako jarrera oldarkorrik. Oihu asko egiten duten politikarietara ohituta gaude. Orduan, jendeari oraindik kostatu egiten zaio aldaketa horretara ohitzea, hau da, politika egiten duten politikoak edukitzera (hezkuntza dutenak, beste modu batean berba egiten dutenak..). Beste alde batetik, elkarrizketan esan zidan berarentzat ezustekoa izan zela presidenteorde kargua hartzea. Kontua da Guatemalan, emakumeok bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu, edozein lan edo kargu dugularik, ez dugula uste zerbait garenik. Azkenik, ez nuke esango Guatemalako emakumeak ordezkatzen gaituenik, askotariko emakumeak daudelako herrialdean, baina bai da eredugarria eta aitzindaria.
Datozen asteotan Guatemalako errealitate hori lehen eskutik ezagutzeko aukera emango diguzu, baina bestela ere, Lagun Artean GKE-ren eskutik herrialdea eta bertan gauzatzen ari zareten mugimenduak ezagutu ahal izan ditugu handik etorri zaretenoi esker. Zer moduzkoa iruditzen zaizu elkartruke hori?
Garrantzitsua dela deritzot. Euskal Herriaren eta Guatemalaren artean solidaritatea eta sororitatea egon da. Guatemalan gertatzen diren gauza askok Euskal Herrian gertatu diren gauzekin zerikusia dute. Zuek ere gerra bizi izan zenuten, errepresioa jasan duzue, jazarpena… Aberasgarria da Guatemalako eta Euskal Herriko komunitateek euren lurraldeen, eskubideen eta askatasunaren alde borroka egiten dutela ikustea. Errealitate bakoitza ezberdina da, baina Euskal Herria justiziaren alde eta lurraldea aldarrikatzeko borrokan dagoela ikustea garrantzitsua da, eta gure errealitatea ezagutzeko balio digu. Izan ere, Guatemalako errealitateak gainezka egiten digu eta pentsatzen dugu gu bakarrik bizi garela horrela. Emakumeek han eta hemen bizi dugun egoera elkartrukatzea oso aberasgarria da, elkarrengandik asko ikasten dugulako eta han eta hemen kontzientzia sortzen dugulako. Era berean, Guatemalari eta Latinoamerikari buruz berbetan, biolentzia aipatzen da sarritan, baina elkartruke hauen bitartez erakusten dugu egoera horrek aldatzeko lanean dauden pertsonak eta taldeak ere badaudela. Beharrezkoa da kooperazio solidarioa egotea eta hau horizontala eta humanoa izatea. Kontua ez da dirua bidaltzea eta kitto, baizik eta elkartruke hori horizontala izatea.