CrossFit-a eta herri-kirolak uztartzen dituen Northfit Hybrid HK Eibar txapelketa jokatuko da apirilaren 25ean
Datorren asteko larunbatean, apirilaren 25ean, Northfit Hybrid HK Eibar txapelketa jokatuko da Untzagan, 10:00etatik 15:30era. CrossFit-ean egiten diren ariketak eta herri-kiroletako proba batzuk uztartzen dituen lehia izango da, guztira 120 atleta inguru arituko direlarik.
Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Jon Iraola alkateak, Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotziak, eta Alberto Saseta eta Matias Biasco ekimenaren bultzatzaileak. “Orain dela aste batzuk egindako Thermopylae jaialdiarekin moduan, Eibarren kirol ekintza eta ekimen berriak ekartzeko apustua egiten dihardu Udalak”, Iraolaren berbetan.
Ameztoyk esan duenez, “CrossFit-aren gorakada ikusten ari gara gaur egun, Eibarren horretarako zenbait espazio ditugu, eta honekin ikusgarritasuna eman nahi diogu. Gainera, herri-kirolekin uztartzen da txapelketa honetan. Ez da ohiko ‘box’-a izango”.
Sei probako zirkuitua
Esan bezala, txapelketak CrossFit-a eta herri-kirolak uztartzen ditu, baina Sasetaren eta Biascoren berbetan ez dira oso proba zailak izango alde teknikoari dagokionez. “Sasoian dagoen edonor proba amaitzeko gai izatea da helburua”, euren berbetan.
Parte-hartzaileek zortzi minutuko sei proba egin beharko dute. “Proba bakoitza korrika egiten hasiko dira, Untzagatik San Andres elizaraino eta buelta, eta gero ariketa-saioa hasiko dute”, azaldu dutenez. Ariketa-saio bakoitzean bi ariketa fisiko egingo dira, oinarrizko fitness funtzionala eta herri-kiroletako oinarrizko ariketak landuz.
Aipatu bezala, ez dira oso ariketa zailak izango, antolatzaileen helburua ahalik eta jende gehienak parte hartu ahal izatea izan delako. “120 lagunek eman dute izena eta izen-emate epea itxita dago. Oso kopuru ona da”, antolatzaileen ustez. Parte-hartzaile guztiek hainbat produktu jasoko dituzte parte hartze hutsagatik, eta irabazleek dominak, txapelak eta beste hainbat produktu eramango dituzte.
Lehia multzoka egingo da, guztira hiru izango direlarik: bikote mistoa; bi emakumek eta gizon batek osatutako hirukotea; eta emakume batek eta gizon bik osatutakoa. “Emakumeen parte-hartzea sustatu nahi izan dugu”, antolatzaileek diotenez. “Gero eta emakume gehiagok egiten dituzte kirol hauek eta hori gehiago bultzatu nahi izan dugu”.
Oso ikusgarria
Oso ekintza ikusgarria izango dela esan dute antolatzaileek eta, are ikusgarriagoa egiteko, musikarekin eta esatari baten berbekin girotuko dute goiza. “Orain, eguraldiaren iragarpenari begira egongo gara, ea egun polit egiten duen eta ikuskizun ederra ikusten dugun”, eskatzen dute antolatzaileek.
Aurtengoa ekitaldi askoren lehena izatea espero dute antolatzaileek, eta Zarautzen eta beste hainbat herritan izan duten esperientzia kontatu dute. “Irunen Northfit-en bost edizio egin ditugu eta Zarautzen lau, eta 700 atleta inguruk hartu izan dute parte proba bakoitzean. Txapelketa hauek CrossFit-ean zentratzen dira gehiago, baina Donostiko Belodromoan bai egin genuen CrossFit-a eta herri-kirolak uztartzen dituen lehiaketa. Orain, lehen aldiz, aire librean egingo dugu Eibarren”, azaldu dute.