Dani Gascónek diskoa zuzenean aurkeztuko du barixakuan
Bigarren diskoa, Todo va cambiando izenburukoa argitara eman berri du Dani Gascón eibartarrak eta bihar (barixakua, 15) Eibarren, El Corte Inglés merkataritza zentruan ezagutzera emango du, zuzeneko emanaldian: 19.00etan nahi duenari diskoa sinatuko dio Gascón-ek eta ordubete geroago, 20.00etan, kontzertu akustikoan zuzenean eskainiko ditu lan berriko abestiak. Aurreko diskoarekin alderatuz gero, honetan rock estilora gehiago gerturatu da. Diskoa otsailaren hasieraz geroztik erosteko moduan dago hainbat dendetan eta, horrez gain, iTunes eta Spotify-n ere aurkitu dezake nahi duenak.
Iazko martxoa eta azaroa bitartean Bartzelonako H Sstudios-en grabatutako diskoan hainbat musikari ezagunen laguntza jaso du eibartarrak. Hasteko, laneko lehenengo singleari Aurora Beltrán Tahúres Zurdos taldeko abeslaria zenak ipini dio ahotsa. Horrekin batera, Cuando más me pides baladan Danirekin batera Pedro J. Hermosillak abesten du. Azken honek, gainera, lanaren ekoizpenean parte hartu du, Marcel Botellarekin batera. Grabazioan Gascón-ek Jordi Armengol, Jordi Franco, Pere Moved eta Marc Sort musikariak izan ditu aldamenean.