Datorren astean Bilbon egingo den Vending Profesionalen XXII. Topaketaren egitaraua aurkeztu dute
Euskadiko Vending Elkarteko (EVE) ordezkariek urriaren 3an Guggenheim Bilbao Museoko Auditorioan egingo den Vending Profesionalen XXII. Topaketaren egitaraua aurkeztu zuten atzo Bilbon. Jardunaldiaren gai nagusia “Space vending” izango da, AVS enpresak fabrikatu duen “Lur-1” euskal sateliteari erreferentzia eginez. Sara Abad EVE-ko presidente eibartarrarekin batera, Carlos Abadek (Urkotronik), Luis Díaz de Ceriok, Sheila Muñoz de Pradok eta Miguel Angel Carrerak (AVS) hartu zuten parte ekitaldian, eta adierazi zutenez, “kafea edo kakaoa bezalako produktuak esponentzialki igo dira. Azken bezeroari igoera hori aplikatu ez dioten bakarrak vending makinak izan dira. Makinak jartzen ditugun enpresa edo entitateen konpresio eta gerrialdeak behar ditugu, prezioen aldagaiak aplikatu behar ditugula uler dezaten, kostu horiek autofinantzatzen ez jarraitzeko”.
Sektoreko ordezkariek diotenez, “beste sektore batzuetan, kontsumitzaileari begira prezioa erraz alda daiteke, baina gure kasuan, vending makinetan, ez da horrela gertatzen. Hori aldatu behar dela aldarrikatzen dugu, gainera, gure produktua kalitatean lehiatzen ari delako, kafea -gaur egun gehien eskatzen dena- maila gorenean dagoelako. Egoera jasanezina da”. Horrekin batera, bertako produktuekin ere lan egiten dutela gogora ekarri zuten.
Topaketaren bezperan (urriak 2) Leioako Ostalaritza Eskola bezalako zentroak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, baita Bilboko itsasadarrean gabarran ibilaldia egitekoa ere. Urriaren 3ko ekitaldiak, bestalde, “Mentores del Vending de Euskadi” liburua aurkezteko ere balioko du. Ibilbide eredugarriarekin arrastoa utzi duten sektoreko profesionalei egindako elkarrizketak biltzen ditu liburuak.
Euskadiko 30 enpresa
Euskadiko Vending Elkarteak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 30 enpresa hartzen ditu. Emandako datuen arabera, Europan 4,4 milioi makina daude guztira (horietatik 505.000 Espainian). Euskadin, berriz, 20.000 makina inguru daude (zazpi makina 1.000 biztanleko). Eta urteko fakturazioa 74 milioi eurokoa da.
Datorren asteko ekitaldiak Easy Vending, FAS, Grefusa, Gullon, Josmar, Urkotronik, Nestle, Ñaming, Rhea Apliven, Sistiaga, Pascual, Simat, Velarte eta Vendo Sanden enpresen laguntza dauka, baita AVS, Azkoyen, Ekinbarri eta beste hainbaten lankidetza ere.