Debabarrena Ekinean Azoka, barixakuan eta zapatuan Untzagan

Debabarrena Ekinean Azoka, barixakuan eta zapatuan Untzagan
2015/06/01 00:00
eta kitto!

Gaur eguerdian (astelehena, hilak 1) aurkeztu dute udaletxean ekainaren 5ean (barixakuan) eta 6an (zapatuan) Untzagan egingo den Debabarrena Ekinean Azoka. Debegesa Garapen Agentziak orain dela urte bi abiarazitako Debabarreneko Ekintzailetza Foroak antolatu du eskualde mailako ekimena, Eibarko udalaren eta Izarra Fundazioaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak eta Gipuzkoa Ekintzailea ekimenak diruz lagundu dute. Untzagako karpan zabalduko dute azoka, barixakuan 10.00etatik 20.00etara eta zapatuan 11.00etatik 21.00etara eta sarrera irekia eta doakoa izango da. Martxan egongo den bi egunetan, azokak ekintzailetzaren sustapenean lan egiten duten eragileen erakusmahaiak bilduko ditu eta, horrekin batera, beste hainbat jarduera osagarri prestatu dituzte azokaren harira. Barixaku goizean, 10.00etatik 14.00etara nahi dutenentzat ordu erdiko iraupena izango duten bisita gidatuak eskainiko dituzte (ahal dela izena aldez aurretik ematea gomendatzen dute, Debegesara 943820110 telefonora deituta edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatzita). Arratsaldean, berriz, Roberto Lopez Etxeberria diseinatzaileak bere esperientzia azaltzeko hitzaldia emango du 18.00etan (hitzaldia udaletxe barruan emango du). Gurasoei hitzaldira joateko aukera errazteko, ordu berean 2 urtetik gorako umeentzat tailerra antolatu dute karpan. Eta zapatuan, 11.00etatik aurrera Debabarreneko ekintzaileen arteko eztabaida egingo da, "Nola mantendu ilusioa nire enpresa sendotzeko" izenburuari jarraituta eta arratsaldeko 17.00etatik 21.00etara, berriz, antolatzaile, parte-hartzaile eta herritarrek ekintzailetzari buruzko networking batean parte hartzeko aukera izango dute. Informazio gehiagorako Debegesaren webgunean begiratu.