Debabarreneko industria-enpresen topaketarik handiena egin zen barixakuan Eibarren
Ekintzailetzan jarri zuten fokua, Debabarrena betidanik pertsona eta enpresa ekintzaileez osatutako lurraldea izan dela azpimarratuta. Cristina Zumeta elkarteko Idazkaritza Teknikoko arduradunaren berbetan, “pertsona horiek negozio-ideiak hautematen jakin dute, eta beraien proiektuak aurrera eramateko beharrezko laguntzak bilatu dituzte”.
Alde horretatik, BPTD elkarteak aurrerapauso bat eman nahi du, “eta distrituan hain emaitza onak eman dituen ekintzaileei laguntzeko sare hori berreskuratuko du”. Horrela, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren MAKE IN! programan parte hartu dutenen proiektu ekintzaileak aurkeztu zituzten, eta programan parte hartu duten bi lagunek beraien esperientzia kontatu zuten eta gauza bera egin zuten Eibarko ikastetxeetan eta Mondragon Unibertsitatean ikasi duten beste bi lagunek. Tarte horretan enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetzari buruz hitz egin zen, talentua garatzeko eta erakartzeko erreminta gisa.