Debabarreneko IV. Aste Ekologikoaren aurkezpena egin dute
Debabarreneko IV. Aste Ekologikoa aurkeztu dute gaur (astelehena, hilak 28) udaletxean antolatzaileek, Eibarko udalak eta Biolur eta Debemen elkarteek. Eibar Merkataritza Gune Irekiaren eta ENEEK-en laguntzarekin antolatutako egitarauari ekiteko, azoka ipiniko dute Urkizuko parkean datorren zapatuan, urriaren 3an, 10.00etatik 14.00etara. Hogeitamar bat postutan era guztietako produktuak erosteko aukera egongo dela aurreratu dute, "denak Gipuzkoan eta inguruan ekoiztutako produktu naturalak izango dira eta, horrekin batera, nekazaritza ekologikoaren inguruko informazioa eta material didaktikoa banatzeko hiru mahai ipiniko ditugu Biolurrek, Eibarko Aza Ta Porrua elkarteak eta EHKOlektiboak-ek".
Aurkezpenean azpimarratu dutenez, "horrelako azoketan, produktu natural eta ekologikoak erosteko aukera eskaintzeaz gain, ekoizleekin harreman zuzena izan dezakete kontsumitzaileek eta, horri esker, zuzenean produktuei buruzko galderak egin eta zalantzak argitu".
Hiru irteera doan
Azokaren inguruan, bestalde, hiru irteera antolatu dituzte: urriak 6an Elgoibarko Txillarre baserrian, 18.00etatik 21.00etara tokia bisitatzeaz gain sukaldaritza tailerrean eta ondorengo dastaketan parte hartzeko aukera egongo da; urriak 8an, berriz, Itziar-Debako Txindurri Iturri baserrira bisita eta sagardogintza ekologikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen dute (18.00etatik 21.00etara); eta urriaren 10ean, Sosola baserrira bisita eta umeentzako okintza tailerra antolatu dituzte. Hiru irteerak doan izango dira, baina interesa dutenek izena eman beharko dute Biolurrera deituta (943 76 14 47 telefono zenbakia).