Debabarreneko Mankomunitateak 2023ko gaikako bilketaren datuak eman ditu ezagutzera

Debabarreneko Mankomunitateak 2023ko gaikako bilketaren datuak eman ditu ezagutzera
2024/02/05 18:05
eta kitto!
Debabarrena Mankomunitateak 2023ko gaikako bilketaren inguruko datuen berri emateko txosten grafikoa argitaratu du debabarrena.eus webgunean, herritarren artean informazioa zabaltzeko. Bertan jasotzen dira, baita ere, azken urteetan gaikako bilketa-tasak izan duen bilakaeraren datuak: hainbat urtetan (2013-2017 bitartean) goranzko joera izan eta gero, azken urteotan ez da aldaketa handirik egon eta 2023an Debabarreneko gaikako bilketa-tasa %53,89koa izan zen (aurreko urtearekin alderatuz gero, %0,79ko jaitsiera egon zen).

Igor Aldalur eta Jokin Alberdi Mankomunitateko teknikariek barixakuan eman zuten ezagutzera 2023. urteko gaikako bilketako datuen balantzea, prentsaurrekoan. Azaldu zutenez, “2023an sortu diren hondakinen-kopurua mantendu egin da, 2022arekin alderatuta: 30.700 tona hondakin sortu ditugu eskualdean, biztanleko 421 kilo, zehazki. Gaikako bilketan jaitsiera leun bat eman da aurreko urtetik hona, hau da, 200 tona hondakin gutxiago jaso dira gaika. Jaitsiera nabarmenena beiran eman da, 2022an baino 130 tona gutxiago jaso direlako. Jaitsi egin dira, baita ere, plastiko gogorra, txatarra, gurpilak eta aparailu elektrikoen gaikako bilketa ere. Bestalde, 2022arekin alderatuta, igo egin dira hondakin organikoen gaikako bilketa (100 tona gehiago), kafe kapsulen gaikako bilketa (ia bikoitza jaso da aurten, 7.000 kg) eta hondakin arriskutsuen bilketa (%15 igo da)”.

Gogora ekarri zutenez, Mankomunitateak martxan jarri du Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana, eta horren aurretik ere, 2023an zehar, hainbat ekintza egin ditu eskualdean gaikako bilketa sustatzeko asmoz: papera eta kartoiaren eta ontzi arinen edukiontzi aldaketak, hondakin berrien gaikako bilketa martxan jartzea (film industriala Eibarko gabigunean eta kafe kapsulen 45 edukiontzi berri kalean), elikagaien xahuketa ekiditeko proiektuak, sentsibilizazio kanpainak eta hitzaldiak ikastetxeetan…

Aurrera begira, 2024rako erronkak azaldu zituzten agerraldian: “Debabarrena eskualdeak hondakinen inguruan duen erronka nagusia gaikako bilketaren tasa hobetzea da. Hau da, hondakinak modu egokian sailkatzea, dagozkien edukiontzietan. Horretarako, Mankomunitateak neurri irmoak hartuko ditu, hala nola, organikoaren edukiontziak itxiko ditu berriz, arraindegietako sandach hondakinen bilketa berezia jarriko du martxan, bilketa bereziak egingo dira baita ere komertzio eta ostalaritzan, ordutegietara moldatuz, eta, horrez gain, sortzen dituzten hondakinen araberako ordainketa sistema ezartzeko analisia eta inplementazioa egingo da industriaguneetan. Azkenik, berrerabilpena bultzatzeko neurriak ere hartuko ditu Mankomunitateak.

2023ko balantzea osorik kontsultatzeko HEMEN sakatu.