Debabarreneko Mankomunitateak txartelak banatzeko epea luzatu du
Oraindik egin ez duten herritarrek txartelak jaso ahal izan ditzaten, Debabarreneko Mankomunitateak banaketa egingo du aste honetan ere (martxoaren 24tik 28ra), Untzagako gizarte zentroan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Eman dituzten datuen arabera, martxoaren 10ean txartelak banatzen hasi zirenetik martxoaren 20ra arte, aurreikusitako 13.414 txarteletatik 9.880 banatu dira, hau da, txartel guztien %73,65: “Zehazki, 7.127 txartel etxeetan banatu dira, eta 2.753 txartel Untzagako nagusien-etxeko bulegoetan”.
Azaldu dutenez, “banaketa ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko, Mankomunitateak zerbitzua langile propioekin indartu du eta, horri esker, prozesua arindu eta txartelak emateko eraginkortasuna hobetu da. Hondakinen bereizketa zuzenaren arabera tasa bereizi bat ezarriko denez, funtsezkoa da herritar guztiek txartela izatea. Beraz, txartela oraindik jaso ez dutenei eskatzen zaie, mesedez, txartela jasotzeko gaitutako bulegoetara hurbiltzeko, hondakinak behar bezala bereizi eta dagokion edukiontzian uzteko”.
Horrela, eta herritarrek txartela jasotzeko egun gehiago izateko, biohondakinen edukiontziaren itxiera martxoaren 31ra arte atzeratzeko erabakia hartu dute. Diotenez, “Mankomunitateak badaki prozesu horretan herritar batzuek eragozpenak izan dituztela, eta herritarrek erakutsitako pazientzia eskertzen dugu. Bestalde, neurri gehigarri gisa, martxoaren 26an egingo den Batzar Orokorrean, tasa bereiziaren aplikazioa 2025eko uztailaren 1era atzeratzea proposatuko dugu”.