Eibarko Industrien Ekosarearen bigarren edizioan 33 jarduketa egin dituzte 11 enpresatan

Programaren bidez, energia-eraginkortasuna, karbono-aztarna eta ingurumen-araudia landu dituzte, besteak beste, herriko industria-enpresen kudeaketa hobetzeko.
Eibarko Industrien Ekosarearen bigarren edizioan 33 jarduketa egin dituzte 11 enpresatan
2026/11/05 11:28
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Industrien Ekosarearen bigarren edizioa amaitu dute, 11 industria-enpresaren parte-hartzearekin eta guztira 33 jarduketa eginda. Eibarko Udalak bultzatutako programaren bidez herriko industria-sarearen ingurumen- eta energia-kudeaketa hobetu nahi dute, jasangarritasuna eta lehiakortasuna uztartuz.

ONDOAN euskal enpresa-taldeak eman du aholkularitza teknikoa, eta parte hartu duten enpresei aholkularitza eman die enpresen ingurumen- eta energia-kudeaketan hobetzeko aukerak identifikatuz. Besteak beste, ingurumen-araudira egokitzea, karbono-aztarna murriztea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta inbertsio berdeetarako aukerak aztertu dituzte.

Aholkularitza teknikoaz gain, programak informazioa eta esperientziak partekatzeko jarduerak ere eskaini ditu. Besteak beste, jasangarritasunari eta energia- zein ingurumen-kudeaketari buruzko web-mintegiak antolatu dituzte. Horrez gain, edizioaren emaitzak eta egindako lana biltzen dituen bideoa eta informazio-liburuxka prestatu dituzte. Ekimenaren inguruko berriak eibarkoindustrienekosarea.eus web orrian argitaratu dituzte.