Debabarreneko V. BTT martxa arrakastatsua

Debabarreneko V. BTT martxa arrakastatsua
2013/10/14 00:00
eta kitto!

Sekula baino partehartzeaile gehiago, 402 txirrindulari batu ziren atzo (domeka, urriak 13) Debabarreneko V. BTT Martxan parte hartzeko. Debegesa Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskualdeko BTT kluben laguntzarekin antolatutako ekimenak dagoeneko bere tokia topatu du zaleen agendetan eta, eguraldi ederra lagun, domeka goiza ederto eman zuten martxan parte hartzera animatu ziren txirrindulariek. Partehartzaile gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan arren, bakar batzuk Kantabria, Asturias, Errioxa eta Madrildik ere etorri ziren probak erakarrita eta, bitxikeria moduan Suitzako Kuttingen hiritik etorritako bizikleta zale bat ere gerturatu zitzaien. Txirrindularitzari buruzko MTB aldizkariko kazetari bik ere hartu zuten parte martxan eta, probako antolatzaileek aurreratu digutenez, laster BTT Martxari buruzko erreportaje zabala argitaratuko dute.
Aurreko edizioetan lez, ibilbide bi (bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa) egon ziren aukeran, eta bietan Karakate mendia igaro behar izan zuten. Antolatzaileen berbetan, "ibilbide biak ongi markatuta egon ziren eta, indarrak berreskuratze aldera, hainbat anoa-postu ipini ziren ibilbidean. Gainera, Eibarko CDR bizikleta dendari esker, asistentzia teknikorako puntu bi ere jarri ziren".
Proba amaitu eta gero, partehartzaile guztien artean 40 bat opari banatu zituzten zozketa bidez. Eskualdeko kirol eta turismo arloko enpresei esker banatu zituzten sarien artean asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak eta beste hainbat zeuden. Antolatzaileek bizikleta zaleen partehartze handia eskertu nahi dute, "baita boluntarioek egindako lan ikaragarria ere. Urtero 50 boluntariotik gora beharrean ibiltzen dira Debabarreneko BTT Martxa arrakastatsua izan dadin".