Debabarrena Integra-Bat Eginez programaren 16. edizioa antolatu du Armeria Eskolako Elkarteak

Debabarrena Integra-Bat Eginez programaren 16. edizioa antolatu du Armeria Eskolako Elkarteak
2021/07/14 11:07
eta kitto!
Armeria Eskola Elkarteak kudeatu eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako programaren helburua, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden langabeak gizarteratzea eta laneratzea da. Programa hau bi fasetan banatuko da, lehenengo fasea egin eta gero, 1. mailako Profesionaltasun Ziurtagiria egin ahal izateko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Debabarrena Integra – Bat Eginez programaren lehenengo fasean gaztelera intentsiboa eta konpetentzia matematikoak irakatsiko dira 186 ordutan Eibarko EPAn irailaren 16tik urtarrilaren 27ra arte. Fase hau gainditzen dutenek, bigarren fasean parte hartu ahalko dute.  Aurten berrikuntza bat gehitu da eta euskara ulertzeko 60 orduko saioak eskainiko dira, Eibarko Udalarekin lankidetzan. Soziolinguistika Klusterrak 2010etik kudeatzen duen Aldahitz Ikerketa proiektuaren baitan sortu da Uler-saioak metodología. Aurten proba piloto batzuk ipiniko dituzte martxan, horietako bat Debabarrena Integra programako ikasleekin egingo da. Helburua euskarazko ahozko ulermenean oinarrizko maila bat eskuratzea da eta modu honetan integrazio soziala erraztu.

Bigarren fasean, FMEE0108 Fabrikazio Mekaniko Eragiketa Osagarriak profesionaltasun ziurtagiria irakatsiko da. Ikasleek 400 ordutako klaseak jasoko dituzte Armeria Eskolan abenduaren 17tik maiatzaren 16era eta gai diren ikasleek, praktika profesional ez laboralak egingo dituzte.

Programan parte hartu nahi dutenek Lanbiden eman beharko dute izena lan-eskatzaile gisa, gutxienez 16 urte izan beharko dituzte eta Debabarrenan bizi. Bestetik, sarbide froga irailaren 9ean egingo dela aurreikusten da Armeria Eskolan eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Izen-ematea, 615 775 556 telefono zenbakiaren bitartez, ikastaroak.armeriaeskola.com estekan  edo Armeria Eskolako 104 Bulegora bertaratuz egin daiteke.