Debora Silvestri nagusitu da sprintean erabaki den Eibar Hiria Sari Nagusian
Euripean eta ibilbide malkartsuarekin, txirrindularitzako Eibar Hiria Sari Nagusiak emozio handiko lasterketa eskaini zigun atzo, urriak 5. Debora Silvestri (Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioa) izan zen nagusi Toribio Etxebarriako helmugan, azken sprintean Noemi Thomsoi (DAS – Hutchinson) irabaziz, eta ginga jarri zion bere taldeak egindako lan ederrari.
Lasterketaren lehen zatiak ez zuen gogortasun handirik eduki eta, pentsatu bezala, karrera Ixuako igoerak erabakiko zuela zirudien. Laboral Kutxako Usoa Ostolaza izan zen azkarrena mendatean eta jaitsiera besterik ez zitzaion gelditzen helmugan eskuak altxatzeko, baina erorikoa izan zuen eta atzetik etorritako txirrindulariek aurreratu zuten.
Silvestri bera ere jaitsieran jauzi zen, baina atzetik aurrera etorrita Thomson eta Alice Coutinho (Massi – Baix Ter) harrapatu eta pasatu zituen. Thomson bere gurpilera iritsi ahal izan zen, baina azken sprintean potentzia handiagoa erakutsi zuen italiarrak.
Santestebanen azkena
Lehiaren emozioaz gain, beste momentu hunkigarri bat bizi izan zen Eibarko lasterketan, Ane Santesteban errenteriarrak bere ibilbideko azken lasterketa jokatu baitzuen.
Etapa hasieran lehiakideen omenaldia jaso zuen pasilloa eginez, eta gero bere taldekidearen garaipenaz gozatu ahal izan zuen, helmugara 16. postuan iritsi zelarik.
Santestebanek ibilbide oparoa izan du txirrindularitzan eta, hain zuzen ere, zirkulua laga zuen atzo, Eibarko taldean eman baitzituen bere lehen pausoak profesional gisa, 2009an, Debabarrena – Kirolgi taldean.