Denboraldiko lehen garaipena lortu dute Urbat-en seniorretako gizonezkoek
Zortzigarrenean bai, heldu da Urbat Urkotronik waterpolo taldearen denboraldiko lehen garaipena. Eibartarrek Concepcion Ciudad Lineal taldea jaso zuen Paco Yoldi kiroldegian eta, partidu serio egin ondoren, 10-9 gailendu zitzaion.
Garaipen horrekin, Urbat-ek lau puntu ditu orain eta Tenerife berdindu du sailkapenean. Hurrengo partidua zapatuan jokatuko du, abenduaren 20an, 15:30ean, Dos Hermanas taldearen aurka.
Euskal Herriko Ligan jokatzen duen emakumezkoen taldeak, bere aldetik, denboraldi bikaina egiten dihardu. Asteburuan 6-13 irabazi zion Lauro B-ri eta sailkapenaren 4. postuan dago orain, 21 punturekin, liderrarengandik 6 puntura. “Partida hasieratik amaierara ondo kontrolatu zuen taldeak, eta garaipen honekin sailkapenean gora egiten jarraitzen du, titulua lortzeko helburua sendotuz”, diote Urbat-ekoek.
Harrobiko emaitzak
Zapatuan, emakumezkoen partidaren ondoren, gizonezkoen jubenil taldeak partida bikaina jokatu zuen Orbean, Askartzaren aurka (Espainiako selekzioan dauden bi jokalari dituen taldea da). Hasieran, markagailua kontra jarri arren (11-3), Urbatek izaera handia erakutsi zuen eta partida berdintzera iritsi zen (13-13). Azkenean, neurketa azken unera arte lehiatua izan zen, eta 13-14 galdu zuten, baina oso irudi ona utzita.
Zapatuko jardunaldia Infantil mailako taldearen partiduarekin hasi zen. Larrainaren aurka 16-15 galdu zuten, azken uneetan erabaki zen norgehiagokan.
Domekako jardunaldia senior B taldearen garaipenarekin hasi zen. Taldeak joko ona eta sendoa erakutsi zuen, zentzuz jokatuz, eta Larraina menderatu zuen 12-7 emaitzarekin, Euskal Herriko 1. Ligako talde gogorrenetako bat.
Ondoren, kadete mailako gizonezkoen taldeak garaipen oso baliotsua lortu zuen Nafarroaren aurka, 7-6 irabazita, azken uneraino oso parekatua izan zen partidan.
Asteburua alebin mailakoen partidarekin amaitu zen, klubeko eskola-taldeak Easwim Morearen aurka 3-3 berdindu baitzuen, ikaskuntza- eta hobekuntza-prozesuan aurrera egiten jarraituz.