Denda eta tabernetako deskontu kanpaina berria erosketa-bonuekin
Eibar Merkataritza Gune Irekiak kanpaina berria zabaldu du azaro osorako. Iaz abenduan eta aurten maiatzean egindako kanpainen bide beretik joango da hirugarren hau ere eta bonuak erosketak %20rako deskontuarekin egiteko aukera eskainiko du. Aipatutako kanpaina bietan salgai ipinitako deskontu-bono guztiak agortu ziren. Oraingo honetan ere funtzionamendu berbera jarri da abian eta, 40 euro ordainduta, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren lokaletan (Untzaga, 7an - Artola jatetxearen ondoan-) erosketarako bonua jaso ahal izango du jendeak. Bonu horrekin, baina, ondoren 50 euroko balioa izango duten erosketak egin ahal izango dira. Bonuak astelehenetik, azaroaren 2tik, aurrera jaso ahal izango dira, guztiak agortu arte. Bonu horrekin azaroaren 2tik 28ra arteko erosketak egin ahal izango dira, jakina, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren parte diren denda eta tabernetan. Guztira, 200 establezimenduk eskaintzen dute aukera hori. 150 hainbat sektore eta adarretako denda eta zerbitzu, eta beste 50 bat ostalaritza arloko taberna eta jatetxe. Bonuetan denda guzti horien izenak agertzen dira eta, gainera, parte hartzen duten establezimendu guztiek kanpainaren logotipoa eukiko dute bistan. Bonua diruz edo txartelarekin erosi daiteke eta, horrez gain, bezeroak hala nahi badu, pilatu daitezke eta, baita, bonu bakoitza bitan banatu, 25 euroko edo gehiagoko erosketak bi dendetan egiteko aukera izateko. Modu horretan erraztu nahi dute normalean 50 eurora iristen ez diren gastuen kasuekin gertatzen dena (ostalaritzan, esaterako). Hori bai, bonuak erosteko NAN-a eskatuko da, eroslea eibartarra dela ziurtatzeko, eta pertsona bakoitzak bonu bakarra eskuratu ahal izango du. Kanpainaren helburua aurreko bietako berbera da: bezeroari eskaintzen zaion %20ko deskontu horrekin, guztiak -dendak zein bezeroak- irabazten irtetzea, bide batez merkataritza aktibitatea indartuz eta bezeroaren fideltasuna sustatuz. Eibarko Udalarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Konpetibitate Sailak ere babestu du kanpaina.