Urte amaieran dentsiometria-zerbitzua jarriko da martxan Eibarko Ospitalean

Mendaroko Ospitalean azken belaunaldiko robot bat instalatuko dute urologia-zerbitzuan
Urte amaieran dentsiometria-zerbitzua jarriko da martxan Eibarko Ospitalean
2025/02/20 13:02
eta kitto!

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Debabarrenean egon zen atzo Eibarko eta Mendaroko ospitaleak bisitatzen, besteak beste. Jon Iraola alkatearekin bildu zen eta herriko ospitalean dentsiometria-zerbitzua eskainiko dela berretsi zion eta urte amaieran izan dela abian.

Osasuneko sailburuak adierazi duenez, martxoan dentsiometria-zerbitzurako lizitazioa aterako du Osakidetzak. Zerbitzu horrek hezurren egoera aztertzea eta hainbat gaixotasun (hala nola osteoporosia) prebenitzea du helburu, eta urte honen amaieran jarriko da abian Eibarko Ospitalean.

Dentsitometria diagnostiko-proba bat da, hezurren dentsitate minerala aztertzea eta osteoporosia eta antzerako patologiak antzematea ahalbidetzen duena. Gaur egun, Debabarreneko ESIko 1.000 lagun inguru joan behar dira Donostiako Gros auzora proba hori egitera. “Herritik kanpora irten behar izatea pazienteentzako eragozpena izateaz gain, itxaron-zerrendak luzatzeko arrazoi ere bada”, Eibarko Udalaren berbetan.

Bestalde, Eibarko anbulatorioan sotoa birmoldatu egingo da eta gaur egun espazioak asistentzia-arretarekin partekatzen dituzten zerbitzu orokor guztiak solairu horretara eramango dira. Horren bidez, hainbat gela liberatuko dira eta arreta-kontsultetarako gaituko dira, pazienteei beren osasun-laguntzarako instalazio hobeak eskaintzeko. “Horri esker, Osakidetza osasun-zentro guztietara eramaten ari den Lehen Mailako Arretarako estrategia pazienteentzako erosotasun handiagoarekin zabaltzen jarraitu ahal izango da”, diote Osakidetzatik.

Era berean, alkateak Eibarko Ospitalean mamografia-zerbitzua eskaintzea ere eskatu du. “Neurri horrek bularreko minbiziaren detekzio goiztiarra hobetuko luke eta, bestalde, eragingo luke prebentzio-probak egin ahal izatea urrutira joan gabe. Nolanahi ere, Jaurlaritzak momentuz ez du eskaera bideragarria ikusten”, diote Udaletik.

 

Azken belaunaldiko robota

Mendoroko Ospitaleak kirurgia robotikoko azken belaunaldiko robot bat edukiko du martxoaren 27tik aurrera. “Robot mota hori eskualde-ospitale batean instalatuko den lehenengoa izango da”, Alberto Martinezen berbetan. “Guretzat pazientea da ardatza, eta teknologia berri horrek ongizate eta bizi-kalitate hobea ekarriko du eta, zalantzarik gabe, gure osasun-sistema sendotuko du”, gehitu zuen.

Ekipamendu robotizatu horren bidez, kirurgia-denbora murriztu, kirurgia-prozesuan zirujauaren jarrera hobetu eta errekuperazio- eta errehabilitazio-denbora nabarmen murriztu ahal izango da. Izan ere, ekipamendu horiekin lor daitekeen doitasunari esker, pazienteek infekzioak izateko probabilitatea murriztu egingo da.