XXXV. San Martin Azoka egingo da zapatuan Ermuan
Azaroaren 8an, larunbata, ospatuko da XXXV. San Martin Azoka Ermuan. Euskal Birusa Elkarteak antolatzen du azoka 1990. urtetik, ermuarren artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, eta, beste behin, egun berezi honi lotutako kultur eta kirol jarduera ugari prestatu ditu.
Antolakuntzan 40 herritar inguruk hartu dute parte, batzorde ezberdinetan antolatuta, hainbat erakunde eta elkarteekin elkarlanean. Gainera, 400 boluntario euskaltzale ariko dira egunean bertan lanean, eta haien guztien ahaleginari esker gauzatzen da askorentzat “urteko egunik bereziena” den azoka.
Aurten, 39 ekoizle izango dira bertan: 9 frutak eta ortuariak; 12 ogi ekoizle; 5 eztigile; 8 gaztagile; 2 sagardo eta txakolin ekoizle; eta 3 bestelako artisau-elikagai ekoizle (gozogintza, ahatekiak, gildak…).
Horiez gain, 13 artisauk parte hartuko dute (bitxiak, eskuz egindako arropak eta motxilak, xaboiak, kandelak…), eta bi erakusketa izango dira: saskigilearena eta artilea lantzeko tekniken erakustaldia.
Aurtengoan, animaliarik gabeko azoka izango da, Eusko Jaurlaritzak erkidego osoan ezarri duen neurria dela eta.