Depor Eguna urriaren 15etik 21era ospatuko da egitarau zabalarekin

‘Deporreko Emakumeak’ proiektua aurkeztuko dute urriaren 15ean
Depor Eguna urriaren 15etik 21era ospatuko da egitarau zabalarekin
2026/10/01 14:27
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboak 2026ko Depor Eguna ospatuko du urriaren 17an, eta hainbat jarduera antolatu ditu egun horren inguruan. Kirola, kultura eta aisialdia uztartuko dituen egitaraua urriaren 15ean hasiko da eta hilaren 21era arte luzatuko da.

Egitarauari urriaren 15ean, ostegunean, emango zaio hasiera. 19:00etan, Deporreko Emakumeak proiektuaren aurkezpena egingo dute Deporren, Ane Sarasketaren eta Ane Ajuriagerraren eskutik.

Urriaren 17an, larunbatean, izango da egun nagusia. 8:30ean, Urkoko Kobara irteera egingo dute Depor paretik abiatuta. Ondoren, 10:30ean, atletismo jarduerak egingo dituzte Untzagan eta Txaltxazelaian.

11:00etan hainbat proposamen izango dira aldi berean: xake partidak eta xake erraldoia, umeentzako txirrindularitza ginkana eta Deporreko erropa-denda, guztiak Toribio Etxeberria kalean. Bestalde, 11:00etatik 14:00etara, Eskalada. ‘Eibar Blok’ ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute, Untzagan hasita. Eta, 14:15ean, Deporreko emakumeen argazkia aterako dute Untzagan.

Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. 18:00etatik 20:00etara, dantzaldia eta kalejira egingo dituzte Gaita Eskolako gaiteroekin. Ibilbidea Toribio Etxeberrian hasi eta Zuloagatarren, Calbeton eta Untzaga zeharkatu ondoren Deporren amaituko da. 20:00etatik 22:00etara, berriz, ‘Lorratz’ taldearekin erromeria izango da Depor parean.

Depor Egunaren biharamunean, urriaren 18an, ‘Udazken Trail’-a egingo dute. 8:30ean abiatuko da Depor tabernatik, eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Azkenik, urriaren 21ean, asteazkenean, ‘Aitatxo’ dokumentala eskainiko dute Coliseoan, 18:30ean.