‘Deporreko emakumiak’ proiektuaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera Depor Egunaren egitarauari
Eibarko Klub Deportiboak urriaren 17an ospatuko du Depor Eguna, kirola, musika eta dantza uztartuko dituen egitarauarekin. Aurten, ospakizunei hasiera emateko, ‘Deporreko emakumiak’ proiektua aurkeztuko dute gaur, urriaren 15ean, 19:00etan, klubaren egoitzan. Ekimenaren helburua Deportiboaren historian parte hartu duten emakumeen lana eta bizipenak aitortzea da.
Ane Sarasketa Goienolak, Ane Ajuriagerra Arbuluk, Leire Alberdi Arriolak, Amaia Basterrika Urzelaik, Bakarne Elejalde Garitagoitiak, Virginia Arakistain Ariznabarretak, Garazi Goimendiourrutia Gallastegik eta Izaro Elduayen Comak bultzatu dute proiektua. Sarasketaren aurreko astean esan zigunez, proiektua klubeko pasilloetan sortu zen, emakume bazkide eta parte-hartzaile askok egindako lana ez zelako behar beste ikusarazten kanpora begira.
Emakume horien ekarpena jasotzeko, taldeak mahainguruak egin dituzte Deportiboarekin lotura izan duten emakumeekin, eta elkarrizketa informalak ere bildu dituzte Ez dute klubaren historia berriz kontatu nahi izan, baizik eta emakumeen bizipenetatik abiatu eta historiari beste begirada bat eman.
Proiektuaren emaitzaren zati bat Deportiboko webgunean argitaratuko dute, eta Ardantzako iturriaren alboan horma-irudia margotu dute.
Gainera, Depor Egunean ere, urriaren 17an, 14:15ean, Untzagako harmailatan talde-argazkia egingo dute Deportiboko kide, partaide eta bazkide diren edo inoiz izan diren emakumeek, baita klubarekin lotura sentitzen dutenek ere.
Kirola goizean, musika eta dantza arratsaldean
Larunbatean, Depor Eguneko jarduerak goizean hasiko dira. 08:30ean, Urkoko Kobara irteera egingo dute, Deportibotik abiatuta. 10:30ean, atletismo-erakustaldia izango da Untzagan eta Txaltxazelaian. 11:00etatik aurrera, Toribio Etxebarria kalean xake-partidak eta xake erraldoia, umeentzako txirrindularitza-ginkana eta Deportiboko arropa-denda jarriko dituzte. Ordu berean hasita, Eibarblock ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, Untzagan elkartuta, herriko eraikin eta hormetan eskalada egiteko.
Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, gaita-jotzaileen eta dantzarien kalejira egingo dute J. B. Gisasola Musika Eskolako gaita-ikasleekin eta Kezka dantza taldeko zein eskolako dantzariekin. Ibilbidea Deportibotik abiatuko da, Zuloagatarren eta Calbeton kaleetatik Untzagara joango da, eta klubaren egoitzan amaituko da. Egunari amaiera emateko, 20:00etatik 22:00etara, Lorratz taldearen erromeria izango da.
Hurrengo egunean, urriaren 18an, Udazkentrail mendi-lasterketa egingo dute. 08:30ean abiatuko dira Deportibotik, 17,8 kilometroko ibilbidea egiteko. Antolatzaileen arabera, hiru eta hiru ordu eta erdi artean iraungo du, eta 707 metroko goranzko desnibel metatua izango du. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da klubaren webgunearen bidez.
Depor Eguneko egitaraua urriaren 21ean osatuko dute, ‘Aitatxo’ dokumentalaren emanaldiarekin. 18:30ean izango da, Coliseo antzokian. Seme-alaba baten galeraren dolua aitaren begiradatik lantzen du dokumentalak, seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez.