Depor Eguna ospatuko dute datorren astean, hainbat ekintzekin
Aurtengo Depor Egunaren ospakizunak ekintza berezi batekin hasiko dira. Izan ere, ‘Deporreko emakumiak’ izeneko proiektua aurkeztuko dute bazkideen aurrean, urriaren 15ean, 19:00etan, Klub Deportiboaren egoitzan. Mimoz egindako lan handia izan da eta, era berean, xumea, beti ere asmo onenarekin egina.
Proiektua 15ean jakinaraziko dutenez, ez dugu bere edukiaren aurrerapenik egingo eta aurkezpenera bertaratzea izango da proiektua ezagutzeko aukerarik onena (Instagrameko @deporrekoemakumiak kontuan pilula batzuk aurkitu ditzakezue), baina proiektuaren nondik norakoak kontatu dizkigu Ane Sarasketa Goienola proiektuaren bultzatzaileak. “Pasilloetan sortu den proiektua izan da”, gogoratzen du Sarasketak. “Badakit Deportiboak emakume bazkide pila bat dituela eta emakume asko pasa dela bertatik, baina kanpora begira beti iruditu zait emakume horiek ez zutela eduki izan behar zuketeen espazioa”, azaldu digu Sarasketak.
Beraz, Deportiboaren historian lanean jardun duten edota parte-hartu duten emakume guztien espazio publikoa aitortzeko helburuarekin jarri zen martxan proiektua. Izan ere, Sarasketak dioenez, “batzuek egin duten lana ezaguna da, baina beste emakume askok lan asko egin dute, inongo kargu barik, edo kargudunen alboan, edo tabernan pote bat hartzera etorri eta laguntzen amaitu dutenak...”.
Sarasketak asko eskertu du proiektua gauzatzeko jaso duten laguntza eta askatasuna. Izan ere, lana garatzen joan den neurrian, “proiektuak bizi propioa hartu du”, bere berbetan. Proiektuari bizia ematen, berarekin batera, beste zazpi lagun ibili dira: Ane Ajuriagerra Arbulu, Leire Alberdi Arriola, Amaia Basterrika Urzelai, Bakarne Elejalde Garitagoitia, Virginia Arakistain Ariznabarreta, Garazi Goimendiourrutia Gallastegi eta Izaro Elduayen Coma. “Guretik eta berezitasun batzuekin egin nahi izan dugu lana. Hasieran, emakumezkoei buruz bakarrik hitz egitea nahi genuen, eta ez genuen Deportiboaren historia berriz kontatzea nahi, dagoeneko kontatu delako. Historia egiteko modu asko dagoela sinesten dugu eta, orduan, bizipenetatik kontatzea erabaki genuen”.
Historiaren begirada hori erakusteko, mahainguruak egin dituzte Deporrekin lotura izan duten emakumeen lekukotzak jasotzeko eta esne-berriketak ere izan dituzte hainbat emakumerekin. “Esne-berriketak beti izan dira emakumezkoen gauzak, gauza sinpleak, garrantzirik eman ez zaizkienak, baina elkarrizketei beste begi batzuekin begiratuta, esaten diren gauzen artean, xumeak izan arren, gauza garrantzitsuak daude”, diosku Sarasketak.
Dena dela, normala denez, ezin izan dira Deporrekin zerikusia duten emakume guztiekin egon, eta zentzu horretan “pixka bat hankamotz” geratu direla uste du Sarasketak: “Batzuek lan pila bat egin ahal izan dute eta ez gara eurengana ailegatu. Baina genituen baldintzak eta denborak kontuan hartuta, eskuragarri genuen jendearekin egin dugu proiektua. Horrek beste guztia ordezkatzea nahiko genuke, nolabait”. Sarasketaren iritziz, “prozesua oso interesgarria izan da. Emakume batzuk saretu egin direla uste dut”.
Hilaren 15ean aurkeztuko dute landutakoaren emaitza eta, gero, sortu dituzten hainbat gauza Deporren webgunean jarriko dituzte. Den-dena, ostera, ez da posible izango Interneten jartzea, Depor parean, Ardantzako iturriaren alboan, horma-irudia dihardutelako margotzen.
Ekimen hau borobiltzeko, hilaren 17an, Depor Egunean, 14:15ean, Untzagako harmailetan, talde argazkia egingo dute Deporreko kide, partaide eta bazkide diren edo inoiz izan diren, edo Deporrekin nolabaiteko lotura sentitzen duten emakumeek.
Egitarau anitza
Sarasketak azpimarratu nahi duen bezala, “emakumeek lan pila bat egin dute eta trukean ez dute ezer eskatu. Proiektua emakumeek egin dutenaren aitortza bat da, xumea, eta euren lana pulpituan jarri ez duten bezala, proiektuak ere ezin du handikeriarik erakutsi eta Depor Egunaren zentralitatea hartu”. Beraz, bai, egitarauaren zati bat hartuko du, baina Depor Egunaren ospakizunetan beste hainbat ekintza egingo dira, klubean egiten diren gauza anitzen eta ezberdinen erakusle.
Horrela, hilaren 17an ekintza ugari egingo dituzte Depor Eguna ospatzeko. Goizean, kirola izango da protagonista: 08:30ean, Urkoko Kobara irteera egingo dute, Depor paretik abiatuta; 10:30ean, atletismo erakustaldia egongo da Untzagan eta Txaltxazelaian; 11:00etan, Toribio Etxebarria kalean, xake partidak eta xake erraldoia, umeentzako txirrindularitza ginkana eta Deporreko erropa-denda egongo dira; eta 11:00etatik 14:00etara (Untzagan elkartuko dira), Eibarblock-en 3. edizioa egingo da, herriko eraikin eta horma batzuk eskalatuz.
Arratsaldean, ostera, musikak eta dantzak hartuko dute protagonismoa. 18:00etatik 20:00etara, gaitari eta dantzarien dantza-kalejira egingo da, J. B. Gisasola Musika Eskolako gaita ikasleekin eta Kezka dantza taldeko eta eskolako dantzariekin (ibilbidea: Depor, Zuloagatarren, Calbeton, Untzaga, Depor). Eta egunarekin amaitzeko, 20:00etatik 22:00etara, erromeria egingo da Lorratz taldearekin.
Hurrengo egunean, 18an, 08:30ean, Udazkentraila egingo da, Deporretik hasita. Guztira 17,8 km-ko ibilbidea egingo dute eta 3-3,5 orduko iraupena izango du. Goranzko desnibel metatua, bestalde, 707 m-koa izango da. Izena aldez aurretik eman beharko da Deporreko webgunearen bitartez.
Depor Egunaren inguruko ekintzekin amaitzeko eta, Klub Deportiboaren izaera anitzaren erakusle, ‘Aitatxo’ dokumentala emango dute hilaren 21ean, 18:30ean, Coliseo antzokian. “Gure eginkizun sozialekin bat egiten duen ekimena da”, Iñaki Osoro Deporreko presidenteak esan digunez. 'Aitatxo' dokumentalak seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik, ama gutxietsi gabe. Seme-alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzaren bitartez, dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu.