Dolmenen Ibilbidea ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da domekan

Dolmenen Ibilbidea ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da domekan
2017/07/11 16:17
eta kitto!
Dolmenen Ibilbidearen paisaia eta balio arkeologikoa ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da datorren domekan. Karakaten hasi, Irukurutzetaraino joan eta berriz Karakatera buelta, guztira 9 kilometroko ibilbidea da. Bisita euskeraz egingo da eta Karakateko aparkalekutik abiatuko da taldea, 10:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “han dagoen historiaurreko ondarea dela eta, ibilbideak balio arkeologiko handia du. Izan ere, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak daude, besteak beste. Txangoa 13:30ak aldera amaitzea dago aurreikusita eta parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute”. Joan nahi duenak 657 79 46 77 telefonora (Naiara) deituta edo info@begi-bistan.com helbidera idatzita eman dezake izena.

Orain arte Dolmenen Ibilbideko bi bisita gidatu egin dituzte eta, diotenez, “harrera bikaina izaten ari dira, irteera bietan taldeak bete egin dira eta”. Doako bisita gidatuen programa ekainean aurkeztu zuen Debegesa garapen agentziak, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalekin elkarlanean. Domekan egingo den irteeraz gain, urrira arte beste sei bisita gidatu egiteko asmoa daukate: uztailak 30 (gaztelaniaz), abuztuak 6 (euskaraz) eta 20 (ingelesez edo gaztelaniaz), irailak 10 (euskaraz) eta 24 (gaztelaniaz), eta urriak 8 (euskaraz).