Domekan "Ciutat Morta" dokumentala emango dute gaztetxean

Domekan "Ciutat Morta" dokumentala emango dute gaztetxean
2015/02/20 00:00
eta kitto!
Eibarko Gazte Asanbladak antolatuta, domekan (hilaren 22an) 18.00etatik aurrera "Ciutat Morta" dokumentala emango dute gaztetxean. Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak 2013an egindako dokumentalak "4F auzia" izenekoaren berri ematen du: "2006ko otsailaren 4an udaltzainak Bartzelonako etxe okupatu batera joan eta, euretako bat larriki zaurituta gertatu eta gero, bederatzi lagun atxilotu zituzten. Atxilotutako lagun horietako lauren kasua azaltzen dokumentalak eta, besteak beste, atxiloketa horiek arbitrarioak izan zirela agerian lagatzen du lanak". Atxiloketa horiek gerora ondorio larriak izan zituzten, atxilotuetako batek, Patricia Herasek 2011n bere buruaz beste egin zuen eta.
Poliziaren inpunitatea eta prozesu judizialean izandako irregulartasunak salatzen ditu dokumentalak eta aurtengo urtarrilean Katalunian hautsa harrotzea eragin zuen lanak: zentsuratzen ahalegindu ziren, baina hilabete luzeetako presioaren ondoren TV3 telebistak lana emititzea lortu zuen; hala ere, Bartzelonako lehen auzialdiko epaitegiak bost minutu zentsuratu zituen. Horrekin batera, urtarrilaren 19an dokumentala "4F auzia" berriz zabaltzeko nahikoa ez zela esan zuen fiskalak, baina handik egun batzuetara, urtarrilaren 23an auzia berriz irekitzea onartu zuen Kataluniako Parlamentuak. Dokumentalari buruzko informazio guztia https://ciutatmorta.wordpress.com helbidean dago.