Domekan itxiko dituzte Portalean ikusgai dauden bi erakusketak

Alberto Ibañez artista eibartarraren "Paisaia eta Aztarna" eta "Indalecio Ojanguren 1887-1972" daude ikusgai, aldi berean.
Domekan itxiko dituzte Portalean ikusgai dauden bi erakusketak
2025/01/10 18:28
eta kitto!

Domekan, urtarrilaren 12an itxiko dituzte ateak Portaleko erakusketa aretoan dauden bi erakusketek. Batetik, Alberto Ibañez artista eibartarraren Paisaia eta Aztarna izeneko pintura eta eskultura erakusketa ikus daiteke. Paisaia-gaiekin bertan aurkeztutako artelanak Nerbioi ibaiaren bokalean dagoen Abrako inguruaren behaketa etengabearen aztarna eta isla dira. Bertako industriak eta meatze jarduerak aldatu eta eraldatzen duen paisaia horrek, hain zuzen ere, artista eibartarraren lana elikatzen eta inspiratzen du. Eta, horrekin batera, Eibarko Klub Deportiboaren Argazki sailetik Indalencio Ojanguren mendizale eta argazkilari eibartarrari eskainitako Indalecio Ojanguren 1887-1972 erakusketa bisitatu daiteke. Ojangurenen argazki esanguratsuenen kopiak, argitaratu gabeko lanak, jatorrizko lanak eta haren familiakoei esker kontserbatu diren objektu pertsonalak bildu dituzte bertan. Gaur, bihar eta etzi joan daiteke biak ikustera, 18:30etik 20:30era.