Domekan zabalduko dute Exfibar
Aurten 45. edizioa betetzen duen seilu erakusketa domeka eguerdian inauguratuko dute Portaleko erakusketa aretoan eta orduan banatuko dizkiete sariak erakusketa aretoan ikusgai egongo diren bilduma onenen egileei. Arrate Filatelia Elkarteak urtero prestatzen duen erakusketa gai jakin baten inguruan antolatzen da beti eta aurten nabigazio-instrumentuei eskainitako bildumak ikusteko aukera izango da. Horrekin batera, erakusketaren harira norbaiten omenezko zigilu-marka berezia sortzen dute urtero eta aurtengoa Eibarko Bakillauaren Kofradixiari eskaini diote. Jose Angel Lopezek sortutako zigilu-marka bakarrik domekan ipiniko dute, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara. Exfibar 2014 erakusketa hilaren 29ra arte bisitatu daiteke, baina argi ibili, ordutegi berezian zabalduko dutelako: astelehenetik barixakura, 18.00etatik 20.00etara; eta zapatu eta domeketan, berriz, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara.