Dos Hermanas-en aurka irudi ona eman arren, 13-10 galdu dute Urbat waterpolo taldeko seniorrek

Gazte mailako taldeak laugarren postua eskuratu du Mendizorrotzako txapelketan
Dos Hermanas-en aurka irudi ona eman arren, 13-10 galdu dute Urbat waterpolo taldeko seniorrek
2026/10/05 16:08
Ekhi Belar Errasti

Lehiaketara itzuli dira asteburu honetan Urbat IKEko taldeak, eta jardunaldiko emaitzen artean nabarmentzekoak izan dira senior gizonen taldeak Dos Hermanas-en emandako irudia eta jubenilek Mendizorrotzako txapelketan lortutako laugarren postua.

2. Maila Nazionaleko senior gizonen taldeak 13-10 galdu du Dos Hermanas-en aurka, partida oso parekatuan. Eibartarrak bizi-bizirik izan ziren ia partida osoan zehar, eta 7-7ko zein 10-10eko berdinketak lortu zituzten. Azken minutuetara arte garaipena lortzeko aukerak izan zituzten, baina azkenean etxeko taldeak eskuratu zuen garaipena.

Bestalde, jubenil mailako taldeak laugarren postuan amaitu du Mendizorrotzako txapelketa. Eibartarrek jokalari oso gutxirekin jokatu zuten, aldaketak egiteko ia aukerarik gabe, baina zailtasunak gainditu eta txapelketa ona egin zuten.