EAJ-PNV eta PSE-EE udal-taldeek adostutako aurrekontu-akordioan auzoak biziberritzeko neurri sorta bat jaso dute
Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak, Alberto De la Hoz EAJko ogasun zinegotziak eta Amaia Albizu eta Jon Perez zinegotziek agerraldian esan zutenez, Urki auzoan Udalbus zerbitzua berriz martxan ipintzeko konpromisoa hartu dute, besteak beste. Izan ere, nabarmendu zutenez, bi taldeek sinatutako testuak hainbat neurri jasotzen ditu Eibarko auzoak biziberritu eta bertako ekonomia sustatzeko.
Azaldutakoari jarraituz, Urki auzoaren azken berrikuntza egitearekin batera, bertan behera laga zuten Udalbus zerbitzua, eta harrezkero kexa ugari egon dira: “Zerbitzu publikoa gizarteari irtenbideak emateko dago, eta Urkin bizi diren pertsona askok zerbitzu hori eskatzen dute. Ezin zaio behar horri bizkarra eman, errentagarritasun ekonomikoaren aitzakiarekin”, dio Mendicutek.
Gogora ekarri nahi duenez, bere alderdiak zerbitzua berrezartzeko konpromisoa hartu zuen 2023ko hauteskunde kanpainan: “Hitza eman genuen, gure esku bazegoen, Urkik berriro Udalbusa izango zuela, eta oposizioan egonda ere, lortu egin dugu. Hilabete batzuk barru, Urkik zerbitzu hau berreskuratuko du”. Azpimarratu nahi dutenez, “EAJk auzoak biziberritzeko egin duen apustu irmoa argi eta garbi azaltzen duen neurrietako bat da hau. Hala, lortutako akordioak neurri sorta bat jasotzen du, auzoak bizitzeko eta elkarrekin egoteko eremu hobeak izan daitezen. Jarduera eta espazio publikoak dituzten lokalak nahi ditugu, gizarteratzeko, auzoak bizitzeko gero eta leku hobeak izateko”.
Zentzu horretan, Alberto De la Hoz ogasun zinegotzi jeltzaleak 2024ko aurrekontuan adostutako ekimen batzuk zerrendatu zituen agerraldian. Horien artean, merkataritza-lokaletan grafitiak garbitzeko dirulaguntza berri bat nabarmentzen da: “Auzoak berriro merkataritzarako erakargarriak izateko neurri zehatz bat da, beste neurri handiago batzuekin batera etorriko dena”. Adostutako beste neurrietako bat haurrentzako jolasak berritzea izango da: “Auzoak, aparkalekuak, haurrak eta gazteak, horiek dira 2024ko aurrekontu honetan aldarrikatu eta islatu ditugun atalak”. Horrela, EAJ-PNVk eta PSE-EEk adostutako aurrekontu-akordioak 1,3 milioi euroak gainditzen ditu, urtarrilean EAJk zuzenketa bidez aurkeztutako 17 ekimenetan. Gaineratu zutenez, 2024rako aurrekontuak “lehenbailehen” onartzea espero dute, “adostutako guztia martxan jartzeko”.
Aparkaleku perimetralen sarea
Bestalde, EAJ-PNVk eta PSEk lortutako akordioari esker, jeltzaleek 2018az geroztik hiri-bilbearen perimetroan aparkalekuak sortzeko duen asmoari bultzada emango dio. Hala, ekitaldi honetan, Jardiñetako aparkaleku perimetrala handitzeko obrei ekingo zaiela jakinarazi dute: “Gaur egun dauden plazen bikoitza lortuko da, gutxi gorabehera, saihesbiderako sarbide zuzena duen puntu batean. Horri esker, jende gehiagok aparkatu ahal izango du bertan, eta ez ditu auzoa eta hiriaren erdigunea zeharkatu beharko”. Legarreko aparkaleku perimetrala EAJren zuzenketa baten emaitza izan zela ere ekarri nahi dute gogora, eta “arrakasta horren ostean”, eredua beste auzo batzuetara zabaldu nahi dute jeltzaleek: “Aurten Jardiñetaren txanda izango da, baina aurrekontu-akordioak Ubitxan gauza bera egiteko aurretiazko azterlanak ere jasotzen ditu. Anbizio handiko proposamen bat jarri dugu mahai gainean Ubitxarako. Zonalde perimetraletan aparkalekuak eskaintzeko eta erdigunean eta auzoetan trafikoa murrizteko pausoak eman behar ditugu, gune atseginagoak, bizigarriagoak eta erakargarriagoak izan daitezen”. Amañan ere parking perimetrala egiteko aukerak aztertuko dituzte.