Eduardo Schillingek egindako ehun urtetik gorako eskopeta bat jaso du Armagintzaren Museoak
Eibarko Armagintzaren Museoak eskopeta historiko bat jaso du dohaintzan. Eduardo Schilling arma-fabrikatzaileak egindako pieza da, ehun urtetik gorakoa, eta partikular batek eman dio museoari. Armagintzaren Museoak mila arma inguru ditu gaur egun, baita Eibarko enpresek egindako ehunka objektu ere. Urteotan, partikularren dohaintzei eta erosketei esker handitu du bilduma. Museoko teknikariak joan dira eskopeta jasotzera.
Schilling Modelo Royal da eskopeta, 16 kalibrekoa, eta 27.344 serie-zenbakia du. Museoaren arabera, egoera ezin hobean dago, eta bere garaiko beste arma batzuetatik bereizten da materialen, akaberen eta grabatuen kalitateagatik.
Piezak Eibarko armagintzaren historiarekin lotura zuzena du. Eduardo Schilling Monfort jatorri alemaniarreko arma-fabrikatzailea 1870ean iritsi zen Eibarrera, bertako armagintza ezagutzera eta sektorean trebatzera. 1893an arma-fabrika bat sortu zuen herrian, eta Jabalí marka erregistratu zuen gero.
Schillingek 27 langile izan zituen Eibarko lantegian. 1896an, ordea, Bartzelonara eraman zuen bere jarduera, hainbat langilerekin batera. Horien artean zeuden Miguel Aguirre eta Nicolás Aranzabal. Bi horiek, urte batzuk geroago, 1915ean, AYA (Aguirre y Aranzabal) enpresa sortu zuten Eibarren.