[EFEMERIDEAK ] Urriak 28

Alfa Arma Bihargiñen Kooperatibia egitteko asmua martxan jarri eben 1920xan
[EFEMERIDEAK ] Urriak 28
2024/10/28 09:30
eta kitto!

1920. urteko oktubriaren 28xan udako huelgiaren ondoren lez jarri eben martxan Alfa Arma Bihargiñen Kooperatibia egitteko asmua: Eibarko sindikatu metalurgikuak, arteraiñoko beste tailler eta enpresetako genero iguala egitten segitzia erabagi eban, burdiñazko trepetxuak, kalidade eta kosto bardiñarekin, baiña patroiak gura ez eben salarixuekin. Hasteko kapitala, bihargiñak botatakua eta Bizkaiko Sindikatu Metalurgikuak emondakuarekin, 300.000 pezeta ingurukua zan: horrekin diruorrekin, Bistalegreko erretirautako tailler ugezaba bati erosi etsen makiñarixia: errebolber “oszilantiak” egitten ekin etsen, baitta eskupeta kañoiak eta pistola automatikuak be. Dana dala, sei hillabetetan dana prest eguan produkziñuari ekiteko.

Kooperatiban sartzeko derrigorra zan Unión General de Trabajadores-en afiliauta egotia; akziñuak, barriz, Eibarko Casa del Puebluan izena emondako edozeiñek erosi zeikiazan. Alfako lehelengo presidentia Marcelino Bascaran izan zan. Bihargin korrientien jornala 12 pezetakua ipiñi zan; produkziño minimotik gora, %50eko primia be ipiñi eben kooperatibako danendako. Kooperatibia sortu eta jarduteko ardatz nagusixa Toribio Etxebarria sozialista eibartarra izan zan, baiña hasikeria latza izan ei zan.