Egazelaiko babes ofizialeko etxeen zozketarako izen-ematea zabalik

Egazelaiko babes ofizialeko etxeen zozketarako izen-ematea zabalik
2013/06/10 00:00
eta kitto!

Ipuruan, Egazelaian jasoko diren babes ofizialeko 62 etxebizitzen erosketarako esleipen prozeduran parte hartu ahal izateko izen-emateko epea zabaldu du Etxebidek. Irailean egingo den zozketan parte hartu ahal izateko, Etxebiden izena emanda izateaz gain, interesatuek berariazko eskaera egin beharko dute 2013ko ekainaren 10etik 19ra bitartean (egun biok barne).
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako Aginduan ezartzen denez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebiden inskribatuta egon beharko dute maiatzaren 31n (Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertu zen eguna) ondorengo baldintza hauek beteta:
- Egiaztatu beharko da 2011. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 9.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere.
- Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerria Eibar izan beharko da eta Eibarren erroldatutakoa izan beharko da urtebete lehenagotik, gutxienez.
Aurrekoetan bezala, esleipen prozeduran onartuak izateko bete behar diren baldintzak betetzen ez dituztenak hortik kanpo geratuko dira; beraz, zozketan ez dute parte hartzeko aukerarik izango. Hemendik aurrera, esleipen prozeduran parte hartzeko asmoa duela baieztatzen ez duenak, parte hartzeko nahia duela adierazten berariazko eskabidea egiten ez duenak, ez du zozketan parte hartzerik izango.
Izena eman nahi dutenek, Etxebideren webgunean (www.etxebide.euskadi.net), Pegoran edo Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu dezakete eskabidea 2013ko ekainaren 10etik 19ra bitartean (egun biok barne).
Etxebizitzei buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenek webgune honetara jo dezakete: www.visesa.com. Baita 900 840 101 telefonora deituta ere (astelehenetik barixakura, 08.30etik 20.00etara, zapatuetan 09.00etatik 15.00etara).