Ego Ibarra batzordeak hitzaldi-sorta antolatu du ikasleentzat

Hiru adituk historia alorreko bost hitzaldi eskainiko dituzte Eibar BHI-n, La Sallen eta Aldatzen martxoan zehar
Ego Ibarra batzordeak hitzaldi-sorta antolatu du ikasleentzat
2024/02/21 13:57
eta kitto!

Historiako gaiak lantzen dituzten bost hitzaldi eskainiko dituzte Eibar BHI-n, La Sallen eta Aldatzen, “gazteen artean alor horrekiko interesa piztu eta ikasketa-prozesuaren amaieran gainditu behar izaten duten selektibitate-probarako laguntza osagarri bat eskaintzearren”, antolatzaileen berbetan.

Ikastetxeek aukeratu dituzte gaiak eta Ego Ibarra batzordea arduratu da adituak bilatzeaz. Horrela, Euskal Foruak eta karlistadak, II. Errepublikaren aldarrikapena eta emakumeen rola Espainiako eta Euskal Herriko Historia garaikidean eta 1936-1945era jasan zuten errepresioa izan dira aurtengoan aukeratuko gaiak.

 

Hiru aditu, bost hitzaldi

Lehenengo hitzaldia La Salle ikastetxean izango da, martxoaren 1ean. Hizlaria, Gotzon Iparragirre Burgoa ikerlaria, “Juan San Martin Beka”-ren irabazlea eta karlismoan aditua izango da, eta gaia hau izango da: Euskal Foruak eta karlistadak. Eibarren izan zuten eragina. Martxoaren 15ean ere, eskola horretan emango du bigarren saioa.

Martxoaren 15ean, Institutuko Areto Nagusian, Jesús Gutiérrez Arosa historialari eibartarra arituko da II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren gaiaren inguruan. Hitzaldi berbera emango du martxoaren 19an, leku berean, Institutuko beste ikasle-talde batentzat.

Martxoaren 22an Eibarko udaletxeko Batzar Aretoan, Ione Zuloaga Muxika historialariak Emakumeen papera Espainiaren (eta Euskal Herriaren) Historia garaikidean eta 1936-1945 bitartean jasan zuten errepresioa gaia jorratuko du Aldatzeko ikasleen aurrean udaletxeko Batzar Aretoan, eskolak ez baitu honelako ekitaldietarako aretorik.

Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira eta herritarren batek hitzaldi horietako batera joan nahi badu aukera du aurretik Ego Ibarrara deituta (943-708423) edo idatziz adierazita (egoibarra@eibar.eus).