Eguaztenean abiatuko da Debabarreneko Eskolarteko Antzerki Erakusketa
Hogeitamar urte egin ditu gaur (astelehena, hilak 12) Portalean aurkeztu duten Debabarreneko Eskolarteko Antzerki Erakusketak. Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentrukoek eta Narruzko Zezen taldekoek antolatutako jaialdian sei konpainiak beste horrenbeste antzezlan taularatuko dituzte, bost Hezkuntza Esparruan eta bat Coliseoan. Txalo konpainiaren Mollie Malonen ipuin sinestezina antzezlanarekin hasiko da egitaraua, eguaztenean (maiatzaren 14an, 15.00etan Hezkuntza Esparruan). Hilaren 17an La Papa Teatrok Con los pies en las nubes taularatuko du (17.00etan Coliseoan), 20an Titiriguirik Hay un gallo en el tejado (15.00etan Hezkuntza Esparruan), 22an Teatro Paraisoren eskutik Erpurutxo antzezlana ailegatuko da Hezkuntza Esparrura (15.00etan), 27an Canciones de titiriteros eskainiko du Huescako Los Titiriteros de Binefar taldeak eta 29an, berriz, Bizkaiko Gorakada konpainiak agurtuko du erakustaldia, Aladdin izenburuko lanarekin.