Eguaztenetik aurrera Animal Culture erakusketa egongo da ikusgai Museoan
Bihartik (eguaztenetik, maiatzaren 6tik) 15era bitartean, Armagintzaren Museoaren harreralekuan "Animal Culture", Jesika Martínez-Alcocer artistaren proiektua ikusteko aukera egongo da museoaren ordutegiaren barruan, hau da, eguaztenetik zapatura 16.00etatik 20.00etara eta domeketan 10.00etatik 13.00era (sarrera dohainik). Portaleko azken pisuan ikusgai ipiniko duten proiektua ilustrazioan eta oihal estanpazioan oinarritutakoa da. Artista gazteak artisau-ekoizpenaren bitartez edizio mugatuak sortu ditu, serigrafia teknikaren bidez produktu esklusiboak eskaintzeko: kamisetak, sudaderak eta oihalezko poltsak, guztiak eskuz estanpatuak. Egileak dioenez, "animali-gizakiendako sortutako marka da. Hau da, natura eta kulturaren artean oreka izatea posible dela uste dugun guztiondako sortutakoa". Proiektuaren aurkezpena, bestalde, erakusketaren inaugurazioarekin batera egingo da, datorren eguaztenean 19.00etan.