Eguerdi beltza bizi izan zuen F Ligako SD Eibar-ek larunbatean
Valentziatik punturen bat ekartzeko aukera ederra izan zuen F Ligan jokatzen duen SD Eibar-ek, baina esku hutsik itzuli zen azkenean. Eibartarrek 2-1 galdu zuten sailkapenaren azken postuan dagoen Valentziaren aurka, irabazten hasi eta aldeko egoerak izan arren.
Sara Martinek partidako lehen gola sartu zuen bigarren zatia hasi berritan eta neurketa eibartarren alde jarri zuen. Amesgaiztoa beranduago iritsiko zen. 55. minutuan, Mrabetek partida berdindu zuen, baina 62. minutuan Climentek txartel gorria ikusi zuen eta etxekoak hamar jokalarirekin geratu ziren.
Gauzak horrela, bazirudien eibartarrek garaipena lortzeko aukera izango zutela, baina Mrabetek bigarrena egin zuen 67. minutuan. Dena dela, Eibarrek puntu bat eskuratzeko aukera izan zuen, epaileak penaltia eman zielako 101. minutuan, baina Carmen Sanchezek huts egin zuen.
Emaitza horrekin, Eibarrek goiko postuetan kokatzeko aukera galdu zuen, baina oraindik ere postu lasaietan jarraitzen du (7. da orain) 12 punturekin. Hurrengo jardunaldian, gorriurdinek Realaren aurka jokatuko dute larunbatean, azaroak 7, 17:15ean, Ipuruan. Aurretik, ostera, Valentzian jokatuko dute berriz, asteazkenean, azaroak 4, Levanteren aurka, Erreginaren Kopako lehen kanporaketan.
