Eibarko EH Bilduk San Andres eskolaren aurreko parkeko zorua berrikusteko eskatu du
Eibarko EH Bilduk neurriak hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari, San Andres eskolaren aurreko parkeko segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko. Koalizioaren arabera, zorua margotu ondoren, euria egiten duenean oso irristakor bihurtzen da, eta hainbat eroriko izan dira, bai haurren artean, bai adinekoen artean.
EH Bilduren esanetan, ikasleek, familiek eta auzotarrek egunero erabiltzen dute eremu hori, eta, horregatik, premiazkoa da egoerari irtenbidea ematea. Koalizioak kritikatu du lanak ikasturtea hastearekin batera egin izana, eta oporraldian egin behar zirela adierazi du, eskola-jardunean eraginik ez izateko eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan ez jartzeko.
Zoruaren egoeraz gain, lanek iraun duten lehen asteetan ikastetxerako sarbideetan hautsa, zikinkeria eta obra-hondakinak pilatu direla ere salatu du EH Bilduk.
Koalizioaren ustez, egindako lanek ez dute parkea osorik berritu. Horrez gain, zalantzan jarri ditu lanen plangintza eta diru publikoaren erabilera.
Horren aurrean, hiru neurri hartzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari: lehenik, zoruaren irristakortasuna aztertzea eta beharrezko zuzenketak egitea; bigarrenik, lanek kaltetutako eremua sakon garbitzea; eta, azkenik, parkearen segurtasuna eta mantentze-lanak bermatzeko hartuko dituen neurrien berri publikoki ematea.

